euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxeen maskarak, erreginak eta standak nabarmendu dira Argentinako 2014ko Inauterietan

2014/03/06

Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxea hiriko ‘Antzinako Inauteri’etan (argazkiaEE)
Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxea hiriko ‘Antzinako Inauteri’etan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Azken egunotan, euskal argentinarrok Euskal Herriko Inauteriak nolakoak diren ikusi ahal izan dugu interneten agertutako hainbat iruditan. Eta ohitura, erritmo eta eguraldi erabat ezberdinekin, baina Argentinan ere oihartzun handia izan du, hemen otsail osoan luzatu eta joan den asteartea honetan bukatu den jaiak. Urtero bezala, euskal etxeek ez diote hitzorduari huts egin eta parte hartzeaz gain presentzia gailena izan dute ekitaldietan. Adibide gisa, Cañuelasko Denak Bat-ek saria eskuratu du; Saladilloko Itxaropen-ek aurkeztutako hautagaia erregina bilakatu da eta Villegas’ko Euskaldunak erakundeak taberna zerbitzu bikaina eskaini dio komunitateari.

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires probintziako Cañuelas herriko inauteri-ekimena nahiko berria da baina hala ere atzera begiratu eta ekiten dio, 60. eta 70. hamarkadetako giroa errepikatu nahian. 'Antzinako Inauteria' izenpean antolatzen dira eta lehenengo edizioa iaz ospatu zen; izandako arrakastak, 2014 honetan errepikatzera animatu zituen antolatzaileak.

Cañuelasko Inauteriak 2014 01

[Cañuelasen, Denak Bat Euskal Etxeko dantzariak‘Antzinako Inauteri’etako ikuskizunen programan aurkeztu ziren (argazkiaEE)]

Hiriko hedabideek ongi bildu dutenez, jende ugari bildu zen Cañuelasko San Martin plazaren inguruan ‘Corso’ delako ikuskizunaz gozatzeko. Inauterietako kabalkadak mota askotako partaideak batu zituen, tartean auto klasiko eta zaharrak, maskarak, karrozak, konpartsak eta talde artistikoak. Honekin lotuta aipatu behar da Denak Bat Euskal Etxeak ‘Karroza eta kultur adierazpenen’ kategoriako bigarren saria eskuratu duela aurten. Lantzeko Inauteriak dantza aurkezteagatik jaso zuten saria etxeko gazteek.

Aurtengo beste saridun bat Saladilloko Itxaropen Euskal Etxea izan da. Izan ere euskal erakundeak proposatutako hautagaia izan zen izendatua 2014ko Inauterietako Erregina. Marile Negrik 17 urte ditu eta bigarren hezkuntzako azken zikloan dago. koroatze ekitaldia otsailaren 14an egin zen hiriko Marconi Antzokian. Baina hau ez da izan Itxaropen-ek Inauterietako Jaian izandako ekarpen bakarra. Azken bost urteetan bezala, eta beste bost instituziorekin batera, jaietako tabernaz arduratu da euskal etxea. “Lan hau egitearen helburua dirua biltzea da, gure egoitzaren obrak lehenbailehen bukatu ahal izateko. Eta esan behar dugu gero eta gutxiago falta zaigula”, adierazi zaio EuskalKultura.com-i euskal etxetik.

Saladillako Inauteriak 2014 02
[Talde polit bat elkartu zen Saladilloko Inauterietako tabernetan lan egiteko, tartean Itxaropen Euskal Etxeko kideak. Eskuinean, Marile Negri 2014ko erregina (argazkia CNSaladillo)]

Eta Saladilloko euskal egoitzari dagokionez, beste berri on bat adierazi digute instituziotik; joan den asteartean, eta egoitza bukatzeko helburu berarekin, hiriko alkate Carlos Antonio Gorositok 35.000 peso eskuratu dizkie etxeko kideei, diru-laguntza moduan. Gorositoren esanetan, asmoa da inaugurazioa uztailaren 31an, herriaren urteurrenaren baitan egitea.

Gaurko ibilbidea bukatzeko, General Villegasetik ere helarazi digute 2014ko Inauterien berri. Hiri honetan ere euskal gizataldeak oso partaidetza garrantzitsua izan du jendaurrean, herriko inauteri ospakizunetan, sukaldaritzaren arloan zehazki.

Villegasko Inauteriak 2014 03

[Villegas'ko Euskaldunek ez dute denbora galdu... egoitza berria atontzen duten bitartean, Inauterietako publikoarentzat mota askotako mokaduak prestatzeko dituzte (argazkiaEE)]

“Oso garrantzitsua da guretzat ekitaldi hau batez ere dirua bildu ahal izateko”, azaldu dio Euskalkultura.com-i Victor Eguren euskal etxe villegastarreko lehendakariak. “Horregatik uzten ditugu gainerako ekintza guztiak –tartean euskal etxearen urtebetetze jaia– gerorako. Gainera, aurten, beste kontu batean gaude murgildua. Egoitza berrira mugitzen ari gara egun hauetan eta oso lanpetuta gabiltza horrekin. Gauza batzuk bukatzear ditugu oraindik eraikuntza berrian baina asmoa da laster bertan hastea aktibitate batzuekin. Inaugurazioak, ordea, itxaron beharko du oraindik”, adierazi digu Eguren-ek. Urtero bezala, txoripanak eta tortilak izan ziren standeko erakarpen nagusiak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia