euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxeen arteko lankidetza: Castelliko Euskal Etxeko jaian parte hartu zuten Chascomuseko dantzariek

2007/12/20

Zingirako Euskaldunak-eko dantzariak dantzari
Zingirako Euskaldunak-eko dantzariak dantzari

PUBLIZITATEA

Argentinako Castelli herriko 'Oneratu' Euskal Etxe gazteak Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkartearekin duen harremana bikaina da eta horren adierazgarri euren arteko lankidetza aktiboa. Orohar, euskal etxeen arteko lankidetza eta elkartasuna sustatu beharreko balioak dira eta, izan ere, izpiritu horren baitan kokatzen dute euren lana munduan zeharreko hainbat eta hainbat elkarte euskaldunek. Horren eredu izan zen abenduaren 9an Oneratuk egin zuen Urte Bukaerako jaia. Zingirako Euskaldunak-eko dantza taldea aritu zen bertan dantzari eta Zuzendaritza Batzordeko ordezkaritza batek ere bat egin zuen Castelliko euskaldunekin jai honetan.
Oneratu Euskal Etxeak Urte Bukaerako Bazkaria egin zuen joan den abenduaren 9an, elkarteko kide eta lagunak bilduz. Euskal etxea arras gaztea izanik hainbat gauza lehenengoz ari dira egiten, eta duela urtebete antolatu zuten jaiak izan zuen harrera ona ikusita elkarteko arduradunek aurten ere egin eta tradizio bihurtzeko erabakia hartu zuten. Amalia T. Oyarbide Oneratuko lehendakariaren esanetan, 'guk oraindik dantza talde propioa ez dugularik, euskal dantzak maite dituzten gure arteko lagun asko irrikitan zeuden jaia noiz ospatuko zain'.

Ekitaldia Castelliko Laguna La Rosita zingiraren ondoan dagoen parke batean egin zuten eta puxika zuri, gorri eta berdeekin eta ikurriña eta argentinar banderarekin jantzi zuten gunea. Lagunarteko egun honetaz gozatzeko asmoz bertara bildu zirenen artean Chascomuseko Euskal Etxeko ordezkaritza bat egon zen, Maria Laura Eguren lehendakaria buru. Chascomuseko dantzariek, gainera, erakustaldia eskaini zuten jaian.

Zingirako Euskaldunen sostengua

[Goiko irudian Castelli eta Chascomuseko euskal etxeetako Zuzendaritza Batzordeak jaian (argazkiak Castelli EE)]

'Euskal Etxeko lehendakariak ongi etorria egin zuen eta ohorezko aurreskua dantzatu zuten bertaratukoei agurra eginez. Jarraian lagunarteko bazkari atsegina egin genuen, giro alai eta jatorrean', azaldu dio EuskalKultura.com-i Amalia Oyarbidek. Bazkariaren ostean Chascomuseko dantzariek erakustaldia eskaini zuten. Jorge Etcheparek eta Maitena Etchepare taldeako zuzendariak dantza bakoitzaren azalpenak eskaini zituzten. 'Dantzariek giroa alaitu zuten, eta dantza erakustaldi bikaina emateaz gain, bertara joandako ikusle asko parte hartzera eta dantza errazenak egitera animatu zituzten', aipatzen du Oyarbidek.

[Goiko irudian dantzan parte hartu zuten ikusleetako batzuk (argazkia CastelliEE)]

Hilabete lanpetua Chascomuseko dantzarientzat

Dantzarien erakustaldian Makil, Txinparta eta Fandango dantzak izan ziren ikusgai, Zingirako Euskaldunak elkarteko Pedro Maureguik EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Egun batzuk lehenago, gehitzen du, dantzariek Chascomus hiriko Udako Denboraldiaren Irekieran aritu ziren dantzari, Makil eta Ipurdi Dantza eskainiz.

[Goiko irudian Zingirako Euskaldunak elkarteko dantzarien erakustaldia Castellin (argazkia Castelli EE)]

Josu Legarreta Chascomusen

Bestalde, joan den abenduaren 2an Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak Josu Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendariaren bisita izan zuen. Legarretarekin batera zuzendaritza bereko Andoni Martin teknikaria, Felipe Eyheragibel (FEVAko idazkaria) eta Agustín Asensio (La Plata Euskal Etxeko eta FEVAko kidea) izan ziren.

Legarretak Zingirako Euskaldunak-eko Zuzendaritza Batzordearekin bilera izan zuen eta elkartearen datorren lau-urtekorako plana aztertu zuten. Plan honetan Zingirako Euskaldunak-eko egungo egoera deskribatzen da, beharrak eta ekimen berriak azalduz.


Lotura interesgarriak

Castelliko jaiaren argazki galeria
www.flickr.com

Castelliko Euskal Etxeak haritza landatu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 21ean

800 lagun Zingirako Euskaldunak-eko Euskal Jaian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 20an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia