euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rio Grande do Sul eta Sao Pauloko Casa Basco Brasileira elkarlanean ari dira Brasilen

2013/04/02

Rio Grande do Sul elkarteko hiru kide Bazkaria jatetxean egin zuten afari batean (argazkia RioGrandeDoSulEE)
Rio Grande do Sul elkarteko hiru kide Bazkaria jatetxean egin zuten afari batean (argazkia RioGrandeDoSulEE)

PUBLIZITATEA

Haritz Aranburu, Rio Grande do Sul-go Euskal Etxe berriko Kultura zuzendaria, Sao Paulon izan berria da eta bisita egin dio Tremembé-n egoitza duen Casa Basco Brasileira elkarteari. Bi euskal etxeak elkarlanean hasteko asmoa agertu dute, eta lankidetza horren baitan euskara klaseak abiatuko dira aurki Rio Grande do Sul estatuko hiriburua den Porto Alegren. Horrez gain, 2013ko Euskal Brasildar Astea Porto Alegren egiteko aukera hausnartzen ari dira.

Sao Paulo, Brasil. Sao Pauloko Casa Basco Brasileira elkarteak Haritz Aranburu donostiarraren bisita jaso zuen berriki. Aranburu Rio Grande do Sul Euskal Etxeko kultura zuzendaria da eta Porto Alegren --Rio Grande do Sul estatuko hiriburuan-- bizi da orain dela bi urte. Brasil hegoaldeko hiri honetan Aranburuk Bazkaria izeneko jatetxea sortu du.

Porto Alegren eta, oro har, Brasil hegoaldean, euskaldun eta euskaldunen ondorengo asko daude. Kari horretara, 2011 hondarrean euskal etxea sortu zuten, elkarteko presidente Ana Luiza Etchaluz izendatuz, bertan jaioa eta "Alma basca" liburuaren egilea, Brasilgo euskal komunitatea portugesez aurkeztuz argitaratutako lehenengo izenburua.

Hitzaldia Escola jatetxean

Sao Paulon egon zen egunetan, Aranburuk hiriko gastronomia arloko enpresariekin zenbait bilera izan zituen, bere jatetxea hiriburura zabaltzeko aukerak aztertzeko. Ahalegin horretan, Eusko Brasildar Etxea elkarteko kideen laguntza eta sostengua izan zuen. 

Aranburuk Eusko Jaurlaritzaren menpeko SPRIren Sao Pauloko egoitzara bisita egin zuen, Eusko Brasildar Etxearen presidente Oskar Goitia lagun. Azkenik, Sao Pauloko Antxieta jauregiko Escola Jatetxeko ikasleekin solasaldia izan zuen eta bere lanari eta esperientziari buruz mintzatu zen. Eusko Brasildar Etxeak harremana du sukaldari gazteentzako lanbide heziketa zentro honekin eta zenbait egitasmo egin xede ditu eurak lankide.

Esker oneko bazkaria

Martxoaren 23an Aranburuk elkarteko kideei euren harreragatik esker ona agertu nahi izan zien eta, horretarako, bazkaria prestatu zuen bazkideentzat. Bazkari horretan "bere sukaldaritzaren maila altua antzemateko aukera izan genuen, eta Sao Pauloko gastronomia alor zailean etorkizuna duela ziur gaude", agertu dio Oskar Goitiak EuskalKultura.com-i.

Bi elkarteek lankidetza harremana abiatuko dute datozen asteetan, Porto Alegren hasiko den euskara ikastaroaren bidez. Horrez gain, 2013ko Brasilgo Euskal Astea Porto Alegren egitea hausnartzen ari dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia