euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxeen Aberri Egunen oihartzunak jarraitzen du Argentinan, Venezuelan, Uruguain, Txilen, Perun...

2007/04/20

Aberri Eguneko ospakizuna Jose C. Pazeko euskal etxean
Aberri Eguneko ospakizuna Jose C. Pazeko euskal etxean

PUBLIZITATEA

Azken egunotan Aberri Eguneko bilkura eta ospakizunak izan dira nagusi munduko hainbat euskal etxeetan, eta gutxinaka gutxinaka ekitaldi hauen berri heltzen ari da BasqueHeritage.com-era. Argentinan, adibidez, joan den astean Buenos Aireseko Euskaltzaleak eta Eusketxe, Emakume Abertzale Batza eta Acción Vasca de la Argentina edota José C. Pazeko Toki Ederrek lagun eta kideak bildu zuten beste behin ere egun handi hau ospatzeko. Perun, Limako Euskal Etxeak ere bilkura egin zuen, eta ospakizunak izan ziren baita ere Caracasen (Venezuela) eta Santiagon (Chile).
Kronologikoki azken egunetan gure erredakziora heldu diren Aberri Eguneko ospakizunen artean lehena Uruguain izan zen, Montevideoko Euskal Errian. Apirilaren 8an ospatu zuten eta elkarteko kide eta lagunak bildu zituen, baita Euskal Herritik iritsitako pilotari talde bat ere. Egun berean, baina Caracasen lagun talde handia bildu zen Eusko Etxean, meza, pilota partidak eta bazkaria zituen egitarauaz gozatzeko. Omenaldiak ere izan ziren tartean, Martin Etxeberria mendizaleari eta zendutako Xavier Mugarra sendagileari.

Argentinan euskal etxe askotan ospatu zen, horietariko bat, joan den apirilaren 12an, Euskaltzaleak eta Eusketxe taldeek Mexiko 1880 kaleko euren egoitzan egin zuten Aberri Egunarena. Hiru egun beranduago, apirilaren 15ean, hitzordua Emakume Abertzale Batza eta Acción Vasca de la Argentina taldeekin izan zen, Laurak Bat elkartean. Eguneko egitaraua Montserrat elizan egin zen mezarekin hasi zen eta ondotik dantza erakustaldiak etorri ziren, Alicia de Arriolaren hitz batzuekin bukatzeko, izan ere datorren urtean Emakume Abertzale Batzak 70 urte beteko dituela gogoratuz. Beste ospakizun batzuk José C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxean eta Lapridako Lagunen Etxean izan ziren. [Ezkerreko irudian Buenos Airesko Mexiko 1880ko (Euskaltzaleak-Eusketxe-Ekin) egoitzan egin zen ospakizuna]

Txilen eta Perun

Txilen, igandean horretan, Santiagoko Euzko Etxeak Aberri Eguna ospatu zuen, meza, musika, dantza, kirola eta bazkaria bildu zituen egitarauarekin. Jaialdian euskal etxeko dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen. Ospakizuna joan den igandean gauzatu zuen beste elkarte bat Limako (Peru) Euskal Etxea izan zen. Bertako jaia San Isidroko Pilareko Amaren Basilikan egindako mezarekin hasi zen, ondotik elkartearen egoitzan bazkaria egin zelarik. Bazkalostean Euskal Etxeko lehendakari Victor Ortuzarrek hitz batzuk egin zituen eta eguna giro ederrean bukatzeko euskal kantu ugari abestu zituzten parte hartzaileek --Agur Jaunak, Boga Boga, Maite...--, Callaoko Migel Irizar apezpiku ormaiztegiarrak gidatuta. [Eskubiko irudian Limako Euskal Etxean egindako ospakizuna]


Lotura interesgarriak

Aberri Eguna Mexikon
BasqueHeritage.come-en argitaratua, 2007ko apirilaren 11an

Sydneyko Euskal Etxeak ospatu zuen Aberri Eguna lehenik
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia