euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Etxeen %47a Argentinan dago; %22a AEBtan; %6a Uruguaien eta Espainian; %4a Venezuelan...

2007/07/11

Alfredo Asiainek ondare inmateriala gordetzearen garrantziaz aritu zen (argazkia BasqueHeritage.com)
Alfredo Asiainek ondare inmateriala gordetzearen garrantziaz aritu zen (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Atzo goizean jarri ziren abian Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarreko lan jardunaldiak. Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzako teknikariak eta Jaurlaritzako beste sailetako adituak aritu ziren, besteak beste, goizeko txanda honetan. Euskal Etxeei buruzko datu eta zifra andana eman zituzten, eta lau urte hauetako balantzearekin batera errietatxo bat ere egin zieten hainbat elkarteei ‘Jaurlaritzak behar dituen euskal etxeei buruzko datuak garaiz ez emateagatik’. Goizeko azken txanda Alfredo Asiainek izan zuen, Nafarroako Ondare Ez-Materialaren Artxibategiko zuzendari teknikoak. Asiainek euskal etxeen ondarearen parte hori gordetzearen garrantzia azpimarratu zuen, orain zaintzen hasi ezean galtzeko arriskuan omen dago eta.
Eguna Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria den Josu Legarretaren mintzaldiarekin hasi zen. Legarretak Jaurlaritzako sail honek egiten duen lanari buruzko azalpen orokorra egin zuen, euren metologiari buruz mintzatuz. Zuzendaritzako bi teknikarik, Andoni Martínek eta Benan Oregik, hartu zuten hitza jarraian, eta euskal etxeei buruz aritu ziren: euskal etxeek bultzatzen dituzten ekimenak, elkarte hauen ezaugarriak, osaera, azpiegiturak eta hornidura, besteak beste, aipatuz. Gainera, '2003-1007 Laurteko Planaren balantzea' egin zuten.

Biak ala biak euren agerpena euskal etxeei errietatxo bat egiteko aprobetxatu zuten. Teknikarien esanetan euskal etxe batzuek ez dute betetzen euren datuak Jaurlaritzara bidaltzeko konpromezua. Jaurlaritzak datu horiek bildu eta euskal etxeen bilakaera eta dinamikari buruzko azterketa egiten du, honen arabera Diasporari buruzko politikak erabaki eta finkatzeko. Berebiziko garrantzia dute datuok, beraz.

[Biltzarraren aretoa Andoni Martín Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzako teknikariaren mintzaldian (argazkia BasqueHeritage.com)]

Goizeko mintzaldiek zifra eta datu ugari utzi zuten. Horien artean hauetxek: ofizialki erregistratutako euskal etxeen %47a (76 guztira) Argentinan dago; %22a Estatu Batuetan (35 ikerketa burutu zenean, egun 37 dira jada); 6%a bai Uruguaien eta baita Espainian ere (10na euskal etxe bakoitzak); %4a Venezuelan (6); %2a Australia eta Txilen (3); %1a Kanada eta Frantzian (2); eta bukatzeko %1a baino gutxiago Andorra, Brasil, Kolonbia, Kuba, El Salvador, Italia, Paraguai, Peru, Puerto Rico, Erresuma eta Dominikar Errepublikan (1). Datu hauek beti ere Eusko Jaurlaritzako Euskal Etxeen erregistro ofizialean izena eman duten elkarteei buruzkoak dira.

Xabier Sánchezek, Gazteria Zuzendariak saileko buruak aurkeztuta, Kontxi Kerexetak eta Miren Bilbaok Gaztemundu programari buruzko inkestako datuak eman zituzten. Biek azpimarratu zuten zein garrantzitsua den euskal etxeek inkestari hauei erantzuna ematea, horrela datu horietan oinarrituta egiten diren azterketak ahalik eta fidagarrien izan daitezen. Hizlariek Gaztemunduri buruzko hainbat datu eskaini zituzten eta 1996an sortu zenetik ekimen honek izan duen bilakaera azaldu zuten.

Jarraian Joseba Arregik Alex Ugalde aurkeztu zuen. Ugalde Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakaslea da eta 1980-2005 bitartean Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanen arloan egin duen ibilbideari buruz mintzatu zen, aurreko garaietan, erbestetik eta diktadurapean abian jarri ziren ekimenak ere aipatuz.

[Goiko irudian, erlojuaren orratzen noranzkoan: Benan Oregi, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzako teknikaria; Miren Bilbao, Jaurlaritzako Soziologia Ikerketako teknikaria; Alex Ugalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakaslea; eta Joseba Arregi, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzako teknikaria (argazkiak BasqueHeritage.com)]

[Alex Ugalderen mintzaldia (argazkiak BasqueHeritage.com)]

Goizeko azken mintzaldia Alfredo Asiainek, Nafarroako Ondare Inmaterialaren Artxibategiko zuzendari teknikoak, egin zuen. Asiainek euskal etxeek euren ahozko ondarea eta ondare inmateriala gordetzeko ekimenak abian jartzearen beharra azpimarratu zuen, bestela galtzeko arriskua dagoela azalduz. Ondare hori jasotzeko nagusiei elkarrizketak egitea eta datuak, gutunak, historiak , argazkiak... jaso, gorde eta aztertzea proposatu zuen.

[Bilboko Euskalduna Jauregian Biltzarra egin zen aretoaren ikuspegi orokorra (argazkia EuskalKultura.com)]


Lotura interesgarriak

Biltzarkideen bideoak
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 11an

Ibarretxe eta Gloria Totoricagüenak hasiera eman zioten Biltzarrari
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 10ean

Biltzarreko egitaraua
2007ko uztailaren 7an argitaratua


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia