euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Etxeei esker partaidetza handia izan dute Argentinako euskaldunek Immigrantearen Eguneko Jaialdietan

2013/09/16

Lapridako Gizataldeen Plaza (argazkiaEE)
Lapridako Gizataldeen Plaza (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Irailaren 4an Immigrantearen Eguna ospatzen da Argentinan eta hilabete osoan zehar burutzen dira omenezko ekitaldiak. Jaiak mota askotakoak dira baina helburu bera jarraituz: arbasoak gogora ekarri eta euren jaioterriak aldarrikatzea. Eta euskal etxeetan horiexek eguneroko eginkizun diren arren, plazer eta engaiamendu handiz ateratzen dira egun berezi horretan euskaldunak beste kolektibitateekin sentimendu hori konpartitzera. Gaurko artikuluan Arrecifes, Gral Rodriguez, Laprida, Trenque Lauquen eta Parana herrietan Etorkinen omenezko festen laburpena.

Buenos Aires, Argentina. Askotan entzuten dugu immigranteak izan zirela Argentina herrialde gisa eraiki zutenak; eta gure ingurura begiratzen badugu esaldi hori lelo bat baino askoz gehiago dela ohar gaitezke. Aniztasuna arlo askotan nabaritzen da, hala nola ohituretan, artean, sukaldaritzan eta nola ez, nortasunean. Jasotako ondarea oparoa da eta hori eskertzeko omenaldiek ondorengoen jatorriekiko engaiamendua islatzen dute.

2013ko Immigrantearen Eguna Arrecifesen 2013 01

[Arrecifeseko gizataldeen ordezkariak Brawn Plazan bildu ziren Immigrantearen Eguna ospatzeko. Bertan, eta Immigrantearen Omenezko Monumentuaren aurrean, Euskaldunak Denak Bat-eko dantzariek bi pieza eskaini zituzten: Miguel Garcia Bernaus-ek ‘Aurreskua’ eta txikien taldeak ‘Fandangoa’ (argazkiaEE)]

2013ko Immigrantearen Eguna Gral Rodriguezen 2013 02

[Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea Euskal Etxeko kideek La Reja herriko jaian hartu zuten parte, irailaren 7an. Ekitaldia Entre Fueyes y Bordonas kultur aretoan burutu zen Moreno hiriko Kultur Idazkari Hector Lafalce lagun. “Kalitate handiko ikuskizunekin omenaldi hunkigarria egin ahal izan diegu herrialdeko immigranteei” azpimarratu zuten ekintzaren antolatzaileek]

2013ko Immigrantearen Eguna Lapridan 2013 03

[Laprida hirian hiru ekintza antolatu ziren etorkinen eguna ospatzeko. Irailaren 3an egindako zeremonian 1812an immigrazioa bultzatzeko dekretu bat sinatu zela gogoratu zuten kolektibitateek. Biharamunean, eta programarekin jarraitzeko, dantza saioa eskaini zuten Lagunen Etxea Euskal Etxeko dantzariek Gizataldeen Plazan. 2013ko Immigrantearen Egunari amaiera emateko meza eman zen Laprida hiriak etorkinak gogoan (argazkiakEE)]

2013ko Immigrantearen Eguna Trenque Lauquen 2013 04

[Trenque Lauquen ere herriko gizatalde antolatuak bildu ziren, tartean kolektibitate italiar, espainiar, arabiar, argentinar, frantziar eta euskalduna, etorkinen omenezko ikuskizun bat burutzeko. Hitzordua irailaren 8an izan zen hiriko Teatro Español antzokian. Euskal Sustraiak Euskal Etxeko gazteek txalo beroak jaso zituzten ‘Kaskarot’ eta ‘Polka pike’ dantzatzean (argazkia Isa Oderiz)]

2013ko Immigrantearen Eguna Paranan 2013 05

[Entre Rios Kolektibitateen Elkarteak antolaturik, Parana herrian ere ospatu zen efemeridea. Eta ospakizuna musika eta dantza emanaldia izan zen, 3 de Febrero Udal Antzokian eta hogei bat gizatalde lagun. Euskal Herria ordezkatzeko ardura Urrundik Euskal Etxeko lagunena izan zen eta ondo baino hobeto egin zuten taula gainean. Emanaldiarekin batera astebeteko erakusketa burutu zuen Parana hiriak etorkinen omenean. Erakustaldiak herri askotako tresna tradizionalak, arte lanak, liburu eta ikus-entzunezko materiala batu zituen hiriko César Blas Pérez Colman Museoan (argazkiaEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia