euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Etxearen 19. urteurren jaia eta Sara Pagola Euskadiko ordezkariaren bisita azpimarragarri Trenque Lauquen-en

2017/05/24

Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordea
Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordea

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako hainbat euskal etxe bisitatu ditu azken boladan Eusko Jaurlaritzaren Argentina eta Mercosurrerako ordezkari Sara Pagolak. Trenque Lauquen hirian, Euskal Sustraiak Euskal Etxeko kideekin elkartzeaz gain prentsaurreko bat eskaini zuen hiriko hedabideen aurrean. Pagolaren bisitaren ostean Euskal Etxearen 19. urtebetetzea ospatu zuen euskal gizataldeak, instituzioa sortzen lagundu zutenak gogoan.

Trenque Lauquen, Argentina. Euren egoitzan, urte hasieran berritu berria duten aretoan ospatu zuten Euskal Sustraiak-eko lagunek bertako euskal elkartearen 19. urteurren jaia. Ospakizuna joan den larunbatean egin zen, maiatzaren 20an, eta urtero bezala gonbidatu ugarik egin zuten bat afari ederrarekin, euskal dantzak eta musika ikuskizuna ere osagai izan zituen proposamenean.

Afariaren baitan omenaldia egin zien gaur egungo Zuzendaritza Batzordeak Celia eta Jose Echaniz eta Haydee Merino erakundeko sortzaileei. “Haydeeri gainera opari bat eskuratu genion hiriaren urteurrenean ‘Fortinera 2017’ izeneko saria jaso zuelako, bizitza osoan komunitatearen alde egindako lanagatik”, adierazi dio EuskalKultura.com-i Euskal Etxeko lehendakari Alejandro Bengocheak.

Hiru omenduek putz egin eta itzali zituzten kandelak eta gonbidatu guztiek egin zuten topa instituzioaren alde. Kopa altxatzeko momentuan Euskal Etxeak izan dituen Zuzendaritza Batzordeen lana goraipatu zen. Euskal Etxeko dantza taldeak Fandango eta Arin Arin dantzatu zituen eta gaua bukatzeko Lucas Moggiaren musikak erakarrita gonbidatu ia guztiak atera ziren dantzatzera.

Euskal Etxeko agintariek esker beroak eman zieten gonbidatuei Euskal Sustraiak-en urtebetetzean parte hartzeagatik eta hurrengo ekintzak iragarri zituzten: datorren astean, maiatzaren 27an, euskal zinea proiektatuko dute Euskal Etxean Carlos Gabilondoren eskutik. Aukeratutako filmak Josu Martinez-en "Gure sorlekuaren bila" eta "Basker" laburmetraia dira. Emanaldia bukatu eta gero pintxo dastaketa eskainiko da.

Sara Pagolaren bisita

Bisiten arloan, azpimarragarri bat behar da aipatu. Maiatzaren 18an Eusko Jaurlaritzaren Argentina eta Mercosurrerako ordezkaria den Sara Pagola Trenque Lauquenera heldu eta Euskal Sustraiak-eko kideekin bildu zen. Etxeko euskara irakaslea ere baden Bengochearen esanetan, “Euskal Etxeak garatzen dituen aktibitateez eta gazteek duten lekuari buruz hitz egin genuen. Mahaigainean ditugun proiektu batzuez ere mintzatu ginen eta horiek guztiak bideratzeko aholkuren bat eman ziezagukeen galdetu genion. Oso bilera atsegin eta emankorra izan zen”.

Hiriko komunikabideekin ere elkartu zen Pagola eta elkarrizketetan Euskal Etxearen lana nabarmendu zuen, bereziki euskara zabaltzeko egiten duena.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia