euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Etxeak-ek Emigrazioaren Euskal Museoaren eredu izango diren munduko emigrazio zentruak bisitatu ditu

2007/03/29

Boiseko Basque Museum & Cultural Center, bertako euskal komunitatearen gordailu eta memoria bizia
Boiseko Basque Museum & Cultural Center, bertako euskal komunitatearen gordailu eta memoria bizia

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian emigrazioaren historia jasoko duen zentru baten beharrean sinetsita, eta munduko Euskal Etxeek hala eskaturik, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak Emigrazioaren Euskal Museo bat egiteko proiektua jarri du abian. Egitasmoak 30.000 euroko aurrekontua dauka momentuz, datorren legealdian proiektuan sakontzeko. Dagoeneko Europa eta Ameriketako gisa honetako museoak bisitatu dituzte, euskal museorako ideiak jasotzeko. Euskal Etxeak aldizkariaren azken aleak museo hauetan zehar bidaia proposatzen digu, tartean Boiseko Basque Museum edo 'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketari bisita eginez.
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak Europa eta Ameriketako museoen ikerketa bat egin du eta bertatik aterako dira Emigrazioaren Euskal Museoa izango dena egiteko hainbat ideia eta proposamen. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek bidaiak egin zituen iaz zentro hauek ezagutu asmoz Estatu Batuak, Alemania, Ipar Irlanda, Portugal eta San Marinora. Euskal Etxeak aldizkariaren azken alean emaitzak azaltzen dira, ikusitako museoak eta emigrazioaren inguruko beste esperientzia batzuk islatuz.

Bidaia honetako geldialdi nahitaezko bat Boiseko Basque Museum & Cultural Centerek behar du izan. Bertan Idahoko euskal komunitateak Far West-era joandako euskaldunen historia eta kultura jasotzea dauka helburu. Museoa bazkideek eta hainbat elkartek emandako dohaintzekin finantziatzen da eta erakusketa eta ekitaldi kulturalen programa aberatsa sustatzen du. Museoak gainera zentro kultural gisa ere lan eskerga egiten du: euskara klaseak, jaiak eta ekitaldiak, eta baita Idahoko eskola eta unibertsitateetaraino heltzen diren mintzaldi eta hezkuntza saioak. Aparteko aipamena merezi du Boiseko Ikastolak, 'Euskal Herritik kanpo dagoen eskolaurreko zentro bakarra', Euskal Etxeak jasotzen duenez.

Euskaldunak Ameriketan

Erreportaiak aurkezten duen beste egitasmo euskalduna ez da museo bat, 'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketa baizik. 2005ean aurkeztu zen erakusketa hau, Eusko Jaurlaritzak eta FEVAk bultzatua, eta euskal emigranteek Argentinarako bidean eta behin han kokatu ondoren izandako esperientzia jasotzen du. Erakusketa Buenos Airesen aurkeztu zuten, eta harrez gero Argentinako hainbat euskal etxe eta Euskal Herriko herri dexente korritu ditu.

Ameriketan baita ere, baina oraingoan Estatu Batuetan, kokatzen da bidaiako beste puntuetako bat: Ellis Island-eko Emigrazioaren Museoa, immigrazioaren historian nahitaezko erreferentzia dena. New York parean dagoen irlatxoan dago museo hau eta 1892tik hasita 'Mundu Berrian' sartzeko baimenaren zain 12 milioi emigrante igaro ziren bertatik. Museoa 1990an inauguratu zuten eta bi milioi bisitari hartzen ditu urtero. Museoko web guneak irlan inmigrante bezala erregistratutako pertsona guztiei buruzko informazioa biltzeko aukera ematen du. [Ezkerreko irudian Ellis Island-eko museoa (argazkia Euskal Etxeak)]

'Existitzen ez den museo' bat, Portugalen

Euskal ordezkaritzak bisitatu zuen beste zentro bat museo berezia da, ez delako 'existitzen', ez behintzat fisikoki. Planteamendu originala dauka Fafeko Emigrazioaren Museoak: interneten kokatutako museo birtuala da. Hala ere gune fisiko bat du oinarri: Fafe hiria eta Brasilen aberastutako emigranteek bertan utzitako aztarnak (arkitektura, kultura, industria...) jarraitzen dituen ibilbidea. 'Brasileiroak' deitzen zieten emigrante ohi hauei, Euskal Herrian 'Amerikanuak' bezala ezagunak direnen antzeko.

Oso bestelakoa da Alemaniako Hamburgeko 'Ballinstadt Berria' museoaren proiektua, bertan hiri bat berreraikitzen ari baitira. Ballinstadt hiritik Ameriketara emigratu nahi zuten bost milioi lagun pasa ziren XX. mendean, Ekialdeko Europakoak gehienak. Ballin izeneko untzijabeak eraiki zuen hiria eta bertan astebete zain ematen zuten emigranteek untzira igotzeko zain. Emigrazioaren barrakoiak izenarekin ezagutzen zuten hiria, baina elektrizitatea, zerbitzu ugari eta eliza katoliko, judutar eta protestantea ere bazituen. Alemanian baita ere kokatzen da Bremerhaven-eko Emigrazioaren Museoa. XIX. mendean zazpi milioi emigrante atera ziren portu honetatik eta azken hamarkadetan izan zuen krisialdi ekonomiko eta sozialari buelta ematen eragin nabarmena izan du museoak.

Omagh-eko Museo eta Ikasketa Zentrua

Bisita hartutako beste museo bat Omagh-eko American Folk Park izan zen, Ipar Irlandan. Museo honek bi alde ditu. Batetik, bisitariak 26 eraikin eta kalek osatzen duten parke tematikoa ezagutu dezake, Irlanda eta Estatu Batuetako hainbat lekuren irudi. Espazio bakoitzean emigrazioaren bidaia eta esperientziaren une desberdinak antzezten dira eta antzezle-gidariek bisitarien galderei erantzuten diete. Museoaren beste aldea Ikasketa Zentroa da eta urtero 135.000 bisitari jasotzen ditu. Zentro honen jardunak hiru ardatz ditu: liburutegi espezialdua, datu basea eta emigrazioari buruzko masterra. [Eskuineko argazkian euskal ordezkaritzako kideak eta Omagheko museoko arduradunak (argazkia Euskal Etxeak)]

Azkenik, Euskal Etxeak-en bidaiak San Marinoko Emigrazioaren Museora ere darama irakurlea. San Marino apenas 60 kmko azalera eta 30.000 biztanle dituen Europako errepublika txiki bat da. Bere museoa 1997an sortu zuten eta emigranteei emandako 40.000 pasaporteen erreferentzia gordetzen duen munduko museo bakarra da. Erreportaian aipatzen diren beste ekimen batzuk Merseyside Maritime Museum (Liverpoolen, Ingalaterran) eta Galiziako Arquivo de Emigración Galega dira. Konpostelako Santiagon dagoen artxibategi hau 1992an sortu zuten eta emigrazioaren memoria historikoa jasotzen egindako lanagatik erreferente bilakatu da.


Lotura interesgarriak

Euskal Etxeak aldizkariaren aleak
www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net

Boiseko Basque Museum & Cultural Center, AEB
www.basquemuseum.com

'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketaren inaugurazioa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko martxoaren 14an

Ellis Island Immigration Museum, AEB
www.ellisisland.com

Fafe-ko Museu da Emigraçao, Portugal
www.museu-emigrantes.org

Bremerhaven-eko Emigrazioaren Museoa, Alemanian
www.dah-bremerhaven.de

San Marino-ko Emigrazioaren Museoa
http://eticodns12.eticodns12.com

Ulster American Folk Park, Omagh-en, Ipar Irlandan
www.folkpark.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia