euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Etxe gehiagok bat egingo dute Gernikako urteurrenarekin: New York, Santiago, Salto, Gooding...

2007/04/24

New Yorkeko ekitaldia 'Ground Zero' delako gunean egingo dute Bonbardaketaren egunean bertan
New Yorkeko ekitaldia 'Ground Zero' delako gunean egingo dute Bonbardaketaren egunean bertan

PUBLIZITATEA

Bi egun baino ez dira gelditzen Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenerako eta gero eta euskal etxe gehiagok egin dute bat 1937ko apirilaren 26ean herri bizkaitarra suntsitu zuen bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiekin. Euskal komunitate bat dagoen munduko leku gehienetan oroitzapen ekitaldiren bat egingo dutela esan daiteke, tokian tokiko ahalbideen arabera. Gaur bertan, adibidez, Saltoko Euskaldun Taldeak (Uruguaien) gaiaren inguruko mintzaldi bat emango du; ostegunean bertan munduko Euskadiko Ordezkaritzek -- eta euskal etxe asko eta askok-- 'Gernikako adierazpena' izeneko bakearen aldeko testua irakurriko dute.
Gure erredakzioan herrialde ugariko euskal etxe askotako mezuak jaso ditugu azken egunetan, Gernikako bonbardaketaren 70 urteurrena dela eta egingo dituzten ekitaldien berri emanez. Ostegun honetan betetzen dira hain zuzen 70 urteak eta euskal etxe gehienek egun horretan bertan egingo dituzte ekitaldiak. Batzuk, hala ere, aurreratu egin dituzte ekintzak, Saltoko Euskaldunen Taldeak bezala. Uruguaiko Salto hirian du egoitza euskal etxe honek eta gaur bertan hasiko ditu ekitaldiak 'Gernika, soinua eta sumina' mintzaldiarekin. Ostegunerako bigarren mintzaldi bat antolatu dute: 'Picassoren Guernica', Ana María Sciandroren eskutik.

Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxeak ere bere ekitaldia zertxobait aurreratu du eta bihar bertan gogora araziko du bonbardaketaren 70. urteurrena. Euskal Etxeak bonbardaketari buruzko mintzaldia eskainiko du, Juan Carlos Ibarrola bazkidearen eskutik. Mintzaldiaren ondoren gaiaren inguruko eztabaida egin eta 'Gernika, zuhaitzaren espiritua' izenburuko dokumentala izango da ikusgai.

Euskadiko ordezkaritzen ekimenak

Ostegunean bertan ekitaldien gune nagusia Gernika bera izango da eta Ibarretxe lehendakariak bakearen aldeko adierazpen bat irakurriko du bertan. Bere hitzen oihartzuna munduan zehar barreiatuko da, Euskadiko ordezkaritzek eta euskal etxe ugarik testu bera irakurriko dutelako euren ekimenetan. New Yorken, adibidez, Irailaren 11ko atentatuen Ground Zero delako gunean egingo da ekitaldia. Bertan euskaraz, ingelesez eta gazteleraz irakurriko dute testua Aitor Sotes New Yorkeko Euskadiko ordezkari berri denak, Itziar Albisu Eusko Etxeko lehendakariak eta Josu Iriondok, New Yorkeko gotzain laguntzaileak.

Txilen, Euskadiko ordezkaritzak oroitzapen ekitaldi bat egingo du Euzko Enparantzan (Cerro San Cristóbal, Santiagon). Bertan Gernikako adierazpena irakurri eta minutu bateko isilunea gordeko dute. Ekitaldia muinoko elizan eginiko meza batekin bukatuko da. Mexikon ere egingo da oroitzapen ekitaldia, Gernikako Arbolaren kimuan irakurriz adierazpena. Ondotik koktela eta argazki erakusketa bat egingo dira Ordezkaritzaren egoitzan. Bruselan, Argentinan eta Madrilen ere ekitaldiak egingo dira, eta baita hainbat euskal etxeetan, hala nola Bahia Blanca, Misiones, Rosario, Concordia...

Vienan (Austria) eta Gooding-en (AEB)

Diasporarekin harremanik ez duten atzerriko erakunde batzuk ere gogoratuko dute Gernikako bonbardaketa, bake kulturaren alde. Vienan, Austrian, hiriko Liburutegi Nagusiak eta Cervantes institutuaren egoitzak, Austrian Workers' Union taldearekin batera, ekitaldi bat egingo dute apirilaren 27an. Bertan izango da Jon Kortazar literatura aditua eta Gernikaren bonbardaketak euskal literaturan izan duen eragin eta esangura aztertuko ditu.

Beste batzuk, Idahoko Gooding Basque Association euskal etxeak bezala, hilaren 28a arte atzeratuko dituzte euren ekimenak. Euskal Etxeak bere 25 urteak ospatuko ditu egun horretan eta bilkuran Gernikako bonbardaketaren urteurrena ekarriko dute gogora, gertaerari buruzko dokumental baten emanaldiarekin. Gooding-ekoan, munduko beste hainbat euskal etxetan bezala, Gernikaldean jaiotako edo bertan jatorria daukaten euskaldunak badira, tartean garai hura bertatik bizi izan zuten pertsonak. Aurrera begira, beraz, baina iragana ahaztu gabe.

Datozen egunetan gurera heltzen diren ekitaldi berriei buruzko informazioa emango dugu gure agendan eta kronika eta argazkiak heldu ahala argitaratzen joango gara.


Lotura interesgarriak

Gernikako bonbardaketari buruzko informazio gehiago
Wikipedian, la enciclopedia libre online

Gernika Gogoratuz
www.gernikagogoratuz.org

Townsvilleko euskal etxeak (Australia) Gernika gogoratu zuen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 23an

Euskal etxeek Gernika gogoratuko dute
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia