Vitoria-Gasteiz. Lerro batzuk bakarrik, oroitarazteko Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartuta, baina EHAA buletinean argitaratzeke zegoela euskal etxe eta etxeon federazioen 2021eko dirulaguntza deialdi nagusia, eta esateko dagoeneko argitaratu dela, atzoko EHAAk argitara eman baitzuen Jaurlaritzak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak kudeatuta antolatzen duen euskal etxe eta federazioentzako deialdi nagusi hau, euskal elkarte askorentzat aurrekontua berdintzeko finantziabide garrantzitsua.
Gogoratu aurkezteko hilabeteko epea gaur bertan hasiko dela. Dena den, edozein zalantza izanez geroz jo beherago ematen dugun buletinera, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzara (euskaletxeak@euskadi.eus) edo hurbilen duzun Euskadiren Ordezkaritzara.
2021eko deialdiak orotara 902.305 euro banatuko ditu, aurreko urteetako kopuru eta kapitulu-banaketa bera. Horietatik, 782.305 euro IV kapituluari dagozkio (ohiko gastuak eta jarduerak antolatzekoak) eta gainerako 120.000 euroak VII. kapituluari (Azpiegitura eta ekipamendu gastuak).
-Hona deialdiari buruzko jakingarri guztiak Lehendakaritzako orrialdean
-Hona deialdia elebidunean (euskara eta gaztelania)
-Deialdia euskaraz, deialdia gaztelaniaz