euskal diaspora eta kultura
2013/01/14
PUBLIZITATEA
Porto Alegre, Brasil. Rio Grande do Sul Euskal Etxea elkarteak ezaugarri bereziak dauzka, Ana Luiza Etchaluz presidenteak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. "Estatuko hiriburua, Porto Alegre, da elkartearen egoitza, baina taldeak ditugu estatuko beste hirietan, hala nola Pelotas, Santana do Livramento, Uruguaiana eta beste batzuetan". Etchaluzen esanetan Rio Grande do Sul, euskaldunen ondorengoen presentzia handiena duen Brasilgo estatua da; "gehienak 1840 eta 1875 artean Argentina eta Uruguaitik etorri ziren euskaldunen ondorengoak".
Etchaluzek asko daki gaiari buruz, izan ere "Alma Basca" bere liburuan Brasilgo euskaldunen historia ikertu du. Berak azaldu digunez, Brasil, Uruguai eta Argentina arteko mugaldeko hirietan euskaldun asko izan ohi dira. Hala ere, "euskal kulturaren arrastoa ez da bizirik mantendu Brasilen, eta horren arrazoiak ikertzen ari gara une honetan".
Bilera ibiltariak
Euskal Etxe berriaren helburuetako bat euskal ondare hori berreskuratzea eta gordetzea da, eta asmo horrekin 200 lagundik gora inguratu zaizkio elkarteari bazkidetzeko, urtebete inguruko epean. Elkartea sortu zenean 40 bazkide ziren.
"Une honetan gure gizataldeko kideak bilatzen eta batzen ari gara eta gure idea ohiko euskal etxeaz haratago doan elkarte bat osatzea da", agertu digu Etchaluzek. "Oraindik ez dugu egoitza finkorik, gure erregistro legala prestatzen ari garelako. Hori dela eta gure bilerak ibiltariak dira: orain arte Porto Alegren, Pelotasen, Livresmente Santanen egin ditugu eta aurki Uruguaianan ere bilduko gara".
[Casa Basca Rio Grande do Sul elkarteko kide batzuk Haritz Aranburu sukaldariaren Porto Alegreko Bazkaria jatetxean egindako afarian (argazkia RioGrandedoSul)]
2013ko ekimenak
Etchaluzen esanetan euskal jatorriko familia asko daude Rio Grande do Sulen, nahiz eta askok jakin ez dakiten euskal jatorria dutenik ere. Elkarteak eginiko ikerketetan euskal abizen zerrenda luzea bildu dute estatuan: Aguirre, Archondo, Argañaraz, Askonabieta, Etchalus, Etchepare, Etcheverry, Escosteguy, Damboriarena, Aranburu, Irouleguy, Iribarren, Longaray, Irigoyen, Goycoechea, Insaurriaga, Echenique, Elizalde, Etchebeste, Echebarria, Sorondo, Salabarry, Telechea, Ugalde, Zabaleta... dira horietako batzuk.
Elkarteak 2013rako hainbat egitasmo ditu esku artean; nagusiena inguruko euskal familien artxibo historikoak aurkitzea eta berreskuratzea. Horrez gain, euskal etxeak euskara ikastaroak abian jartzeko asmoa du eta urtean zehar hainbat ekimen antolatuko ditu inguruko euskaldunen ondorengoei euskal kulturaren berri emateko helburuarekin.
-Euskal Etxeari buruzko informazio gehiago, elkartearen Facebook orrian, hemen
Kaixo lagunok! Zorionak eta segi aurrera! Aupa Euskadi, Brasil, São Paulo eta Rio Grande do Sul! Gero ikusi zaituztet espero dut. Besarkada handi bero bat. Oskar de Goitia EuskoBrasildar Etxeko Lehendakaria
Oskar de Goitia, 2013/01/14 19:30
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus