San Martin de los Andesko Euskal Txokoa-ren aurkezpenean, Euskal Herriko dantza, erritmo eta koloreak gailendu ziren (argazkia Eliseo Fourçans).
Ehunda berrogeita hamar bat lagun bildu zituen aurkezpen ofizialak, euskaldunen proposamenak eta kultur adierazpenak zuzenean ezagutzeko interesak piztuta. Guztiak atera ziren pozik, euskal etxe berriko kideen dantzak eta sukaldaritza eskaintza azpimarragarria eta jai giro ederra izan baitziren. Barilocheko Mendiko Eusko Etxeko dantzariek ere hartu zuten parte jaian, eta gonbidatu dituzte sanmartindarrak, laster bisita itzultzera.
San Martin de los Andes, Argentina. Ekainean biltzen hasitako Neuquen probintziako San Martin de los Andeseko euskaldunen ondorengoek beste urrats sendo bat eman dute pasa den astean. Elkartearen xedeak eta proposamenak ezagutarazteko helburuarekin, aurkezpen festa bat egin dute, komunitatearen aurrean, Euskal Txokoa izeneko instituzioaren sortzaileek.
Ikuskizun erakargarria bermatu ahal izateko, jardunbide handia duen Barilocheko Mendiko Eusko Etxea-ko dantza taldea gonbidatu zuten. Euskal Txokoa-ren bultzatzaile nagusietako bat den Gustavo Iturralde-ren esanetan, “Asmoa zen hemengo jendeari harrigarria zaion edo hemen sekula ikusi gabeko zerbait aurkeztea, hasieratik publikoa liluratzeko… eta bagenekien Barilocheko dantzarien emanaldiak hori lortuko zuela. Halaxe izan da; jai aparta atera zen, bikaina, eta primeran pasatu genuen”.
Lortutako emaitza ikusita, Andeen magalean dauden bi euskal etxeek (San Martin de los Andes, Neuquen probintzian eta Bariloche, Rio Negrokoan) ez dute etorkizunean jarduera berririk baztertzen elkarrekin. Izan ere, datorren urtean bisita bueltatuko diete sanmartindarrek Barilocheko lagunei eta horretaz gain, 2015eko Macachingo Euskal Aste Nazionalean elkarrekin aurkezteko proiektua ere ari dira jadanik bideratzen.