Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak astearte honetako bilkuran onetsi du ofizialki Marseillako Euskal Etxeari argi berdea ematea munduko euskal etxeen zerrendan sartu eta nazioartean dauden gainerako euskal elkarte eta batasunen artera bil dadin, egoera berri honek ezartzen dituen obligazio eta eskubide guztiekin.
Marseillako Euskal Etxea 2014ko abenduaren 3an abiatu zen, Frantziako Mediterraneoaldeko hiri honetako pilotazale eta euskaltzale multzo bat bildurik, Zappi Gorria deitu jatetxe baten inguruan (7 Rue des Trois Rois, 13006 Marseilla). Urte bat bete berria du, beraz, eta Frantzian ofizialki onetsitako laugarren etxea egiten du, Pariseko, Bordeleko eta Pauekoekin batera, nahiz eta jakina den badirela hexagonoan beste zenbait euskal etxe eta elkarte lanean ari direnak euskal jarduerak egiten --batzuk aspaldidanik-- oraingoz eskatu gabe onarpen ofizialik Eusko Jaurlaritzaren aurrean, hala nola Montpellier-en edota Tolosan.
-Marseillako Euskal Etxearen webgunea: http://marseillako-euskaletxea.com
-Facebook: https://www.facebook.com/marseillako