euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxe berri bat Erresuma Batuan: Bristoleko Euskal Etxeak aurkezpen bazkaria egingo du bihar

2015/12/04

Bristoleko Euskal Etxea bere logoa aukeratzeko lehiaketa bat jarri du abian
Bristoleko Euskal Etxea bere logoa aukeratzeko lehiaketa bat jarri du abian

PUBLIZITATEA

Bristol eta Bath aldean bizi den euskaldun talde batek sortu du Bristoleko Euskal Etxea eta bihar elkarte berriaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Gazteak dira elkartea osatzen duten gehienak, lana dela eta Erresuma Batuko hego mendebaldera etorriak; batzuk hilabete gutxi daramatzate bertan, eta bada 16 urte daramatzanik ere. Elkartearen helburua inguruetako euskaldunak batu eta euskal kultura ezagutzera ematea da.

Bristol, Ingalaterra. Aurkezpen ofiziala egingo du bihar Bristoleko Euskal Etxeak edo Bristol Basque Cultural Society delakoak. Ekitaldia bazkari batekin hasiko da eta bazkalostean elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak aukeratuko dituzte.

Horrez gain, elkarteak bere logoa aukeratzeko lehiaketa bat ere jarri du abian. Edonork parte har dezake, baita Diasporako euskaldunek ere (argibideak, hemen).

Festa elkartean parte hartu nahi duen euskaldunei irekia izango da, eta baita ez-euskaldunei ere. Izan ere, elkarteko kideek EuskalKultura.com-i agertu diotenez, "euskal etxearen helburuetako bat bertako biztanleentzat euskal kulturaren erakusleiho bilakatzea da. Horrela izanda, euskal kulturari buruz gehiago jakin nahi duen oro dago gonbidatua eta euskal etxe guztietan bezala janaririk ez zaigu faltako!".

Hego mendebalde osokoak

Elkartearen sorrera orain urte bete luze izan zen, Facebook bitartez Bristol eta Bath inguruko euskaldun batzuk elkarrekin harremanetan jartzen hasi zirenean. Apurka apurka, gero eta lagun gehiago bildu eta ekitaldiak antolatzen hasi ziren. Gaur egun, taldean Bristolgo eta Bath-eko euskaldunez gain, badira ere Cardiff, Exeter, Plymouth eta inguruetako beste lekuetakoak ere.

Elkartetik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez, kideak euskal gazteak dira gehienak, Erresuma Batura lanera eta urte batzuk pasatzera etorriak. Hala ere, denetarik omen dago: Bristolen hilabete daraman pertsona batetik, bertan 16 urte baino gehiago daramanik ere bada.

Gerrako umeak

Bristol hiriak Euskal Herriarekin harreman historiko berezia ere badu, izan ere Ingalaterrara etorritako gerrako 49 ume hemen hartu zituzten. Elkarteko kide baten aiton-amonak, esaterako, ume horietakoak izan ziren, baina Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten eta halabeharrak ekarri du berriz haien biloba toki berera.

Euskal Etxe berriak harreman ona du "Basque Children of '37" taldearekin, eta bertako iturrien esanetan, taldeko kide batzuek haien ekitaldietan parte hartu dute. Euskal Etxea lanean ari da ume horien etorreraren 80 urteurrenean ospakizunen bat antolatzeko. 

Euskal Asteburua

Elkartearen asmoa da datozen hilabeteetan ekitaldi txiki batzuk prestatzen hasi, eta martxa hartu ahala, proiektu handiagoetara hedatzea. Hasteko, bi hilabetero-edo ekitaldiren bat antolatuko dute: Agate Deuna, Donostiako Estropadak, Sagardotegia, Mus Txapelketa... Horretaz aparte, urtean behin Euskal Asteburu bat prestatzea da euren asmoa: musika, zinema, eta literatura emanaldiak eginez, bai euskaldunentzat eta baita bristoldarrentzat ere. "galesterren Eisteddfod bat miniaturan", diote.

Ongi etorri Bristoleko Euskal Etxea eta aurrera!

Bristoleko Euskal Etxearen Facebook taldea, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia