Vitoria-Gasteiz. Euskal Etxe bateko 18 eta 35 urte arteko gaztea zara? Parte hartu nahi duzu egonaldi batean Euskal Herrian abenduaren 4tik 20ra? Gaztemundu 2022k bere aurtengo baldintza eta ezaugarriak jakinarazi ditu eta, adin horien arteko Euskal Etxe bateko gaztea izateaz gain, hiru minutuko bideo bat bidaltzea eskatzen du, hautagaiari bertan euskal diasporaz duen ikuspegia azaltzea eskatuz, diaspora hobeto egituratzeko ideiak eta baita ere zergatik ikusten duen bere burua programa honetan parte hartzeko hautagai egoki bezala. Eskabideak irailaren 12rako behar dira igorri, Euskal Herriko 24:00etarako.
Deialdia eta bere ezaugarri eta baldintza guztiak gaur argitaratu ditu EHAA-BOPV buletin ofizialak eta hemen irakur daitezke. Gaztemundun parte hartugabea behar da izan. Eskaerak —bideoa, eskatutako dokumentazioa eta fitxategi informatikoak, Internet bidez transferitzeko zerbitzu baten bidez bidal daitezkeenak— helbide elektroniko honetara aurkeztuko dira: euskaletxeak@euskadi.eus. Ez zazu geroratu eta bidali lehen bailehen zure hautagaitza, edota pasa iezaiozu informazioa hau balia dezakeen gazteren bati.