euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iruñean Sanferminetan bor-bor, Argentinako euskal etxe batzuetan astebururako luzatu dute deia

2012/07/11

El grupo Ekin Dantzari Taldea de Buenos Aires participará en la convocatoria de San Fermín que ha organizado Eusketxe de la capital porteña para este próximo sábado (argazkiaEE)
El grupo Ekin Dantzari Taldea de Buenos Aires participará en la convocatoria de San Fermín que ha organizado Eusketxe de la capital porteña para este próximo sábado (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Alaitasun eta atxikimendu handiz bertakotzen dira Euskal Herriko jaiak gure diasporan eta hori dela eta hiri eta herri askotako euskal zein nafar etxeak gorriz eta zuriz jantzi ziren joan den asteburuan. Beste kasu batzuetan, astebete atzeratu da deia eta datozen larunbat eta igandean, 14 eta 15ean egingo da, ahalik eta jende gehien biltzeko asmoz. San Fermin dela-eta antolatutako hitzaldi eta afariarekin batera, Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak arte erakusketa bat inauguratuko du bere egoitzan. Ayacuchoko Eusko Odola euskal etxeak, berriz, meza eta bazkari batekin ospatuko du nafar jai ospetsua. Hona bi erakundeen gonbidapenak.

Buenos Aires, Argentina. Hitzaldi eta afari batekin omenduko dute aurten Eusko Kultur Etxeko lagunek Nafarroako patroikidea. ‘Zuberoako Maskaradari buruzko interpretazio bat’ hitzaldia datorren larunbatean, uztailaren 14an, izango da, iluntzeko 8:30etan, Ekin Dantzari Taldeko kide baten esku. Azalpena bukatzean, afaria eskainiko zaie gonbidatuei. Menua: mota askotako pintxoak, patata pastela, postrea eta bi edari. Txartelaren prezioa: $50. Erakundeko arduradunek eskertuko dute aldez aurreko erreserbak egiten badira, helbide honetara: eusketxe@gmail.com.

Aldi berean, eta 2012ko egitarauari jarraituz, Eusketxeko arte galerian Liliana del Carmen Muñoz-en lanak jarriko dira ikusgai uztailaren 13tik abuztuaren 2ra arte. Erakusketaren inaugurazioa uztailaren 13an bertan izango da eta zabalik egongo da publiko orokorrari astearteetan eta ostegunetan arratsaldeko 6:30etatik 8:00etara, eta larunbatetan ordu 2etatik 5etara, Eusketxeren egoitzan, Buenos Aires hiriburuko Mexiko kaleko 1880. zenbakian.

Liliana del Carmen Muñoz artista plastikoaz, aipatu behar da Buenos Aireskoa dela eta nazioarteko jarduera duela. Esmalteak eta beste hainbat teknika erabiltzen ditu Muñoz-ek bere lanetan eta obrak Argentinan eta baita Argentinatik kanpoko erakustaldietan ere aurkeztu izan ditu, hala nola, Argentina-Japoniako Merkataritza Trukeko Erakustaldian; Buenos Aireseko Kultur Idazkaritzako Aktoreen Elkartean; Argentinako Nazioko Bankuan; ‘Little Studio’ delako aretoan, Montrealen, Kanadan; Folklore eta Eskulanen I. Nazioarteko Ekitaldian, Asuncion, Paraguain; Bitxigintza Nazioarteko Aretoan, Tokion, Japonian, batzuk aipatzearren.

Euskal Odola-ren Sanfermin deia

Buenos Aires probintziako Ayacucho herritik ere heldu zaigu San Fermin jaia ospatzeko gonbidapena. Euskal Odola euskal etxearen eskutik, datorren larunbatean egingo da festa eta komunitate osoari luzatu zaio parte hartzeko proposamena.

Nafar asko biltzen dituen euskal etxe honetako programaren arabera, ‘El alegre despertar’ekin hasiko da eguna; ondoren, goizeko 11ak aldera, meza egingo da eta elizkizunak amaitzean, euskal etxeko gazteek dantza emanaldia eskainiko dute San Martin plazan.

San Fermin bazkaria ‘Defensores de Ayacucho’ klubean egingo da. Dantzari eta musikariek alaituko dute bazkaria. Txartelak salgai daude 70 pesotan. Informazio gehiago eskuratzeko: euskalodola@yahoo.com.ar.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia