Bilbo, Bizkaia. “Zuri-gorri, gogoratu zelaira ateratzean, ez zara bakarrik joango, herri bat duzu atzean" abestu zion Jon Maia bertsolari zumaiarrak La Cartuja futbol zelaian Athletic-i, Real Mallorca-ren aurkako partida hasi aurretik. “Hemen Sevillan, ta beste batzuk etxean, batzuk oraindik bidean, ta batzuk bide ertzean…” ere abestu zuen Maiak bere bertsoetan, Sevillan eta handik ez oso urrun partida bizi izan zuten ehunka mila zale gogoan... Baina Athletic-en atzean zegoen Euskal Herri eta euskal komunitatea ez zen hor geratu, Diasporan barrena, mundu osoan zehar, hamaika izan baitziren Sevillako 120 minutuak segitu eta garaipena gogoz ospatu zuten lagunak.
Santiagotik New Yorkeraino, bandera zuri-gorriak euskal etxe, taberna eta kaleetan zabaldu ziren. Munduan euskal komunitaterik handiena biltzen duen Argentinan, bertako hiriburu Buenos Airesen, adibidez, Laurak Bat Euskal Etxera bildu ziren zaleak ‘Joseba Etxebarria’ lagunarteak deituta. Partida bukatuta, argentinarrek ospatzeko hiriko topagune mitikoena duten Obeliskora joan ziren. Eta Argentinako hiriburuan bezala tokian tokiko euskal etxeetan bildu ziren zaleak, esaterako Liman (Peru), Mexiko Hirian (Mexiko), Santiagon (Txile), Caracasen (Venezuela), Bogotan (Kolonbia)...
Bozkarioari ezin eutsiz
Estatu Batuetan futbola ez da Europan bezain segitua eta hala ere partidak ikusteko elkarretaratze dei bereziak egin zituzten hainbat euskal etxetan, hala nola New Yorken, San Frantziskon, Boisen, Seattlen... kasu batzuetan Athletic-en peñak ere antolatzaile, esaterako Kaliforniakoa, Boisekoa, New Yorkeko jaio berria... Eta ez zuten batere hutsik egin ezta ere Athletic-en Asia eta Europako lagunarteek eta bestelako zaleek ere, bizkaitar eta euskaldunez gain, asko baitira Athleticen filosofia sinpatiaz ikusten duten jendeak.
Larunbat ahaztezina, dudarik gabe, hainbatentzat Euskal Herrian ere bere diasporan, Enrique Valverde zuzendari tekniko duen taldearen jarraikile, 1 eta 1 berdindu ostean eta lau penaltirekin 25. Kopa bereganatu zutenean. Irabazitako azkena duela 40 urte izan zen, Santiago Bernabéu Futbol zelaian, Diego Maradona aurrelari zuen Barça-ren kontra.
Gaur ETBz gabarraren iristea
Gaur osteguna, apirilaren 11a, kolore zurigorriak barne eta kanpoan daramatzan jende uholde bat hurreratuko da Nerbioi ibaiaren bi ertzeetara barruan Athletic-eko jokalariak eta Kopa eramango dituen gabarra 13 kilometroko bidean txalotu eta laguntzeko, Getxoko Abratik Bilboko Udaletxeraino, 16:30etan abiatuta. Jarraitu ahal izango da, besteak beste, ETB1, ETB2, eitb.eus, Euskadi Irratia eta EiTBren Youtube kanaletik (15:45etan hasita EHko ordua).
Hona joan den larunbateko Koparen Finaleko irudi batzuk Diasporan: