euskal diaspora eta kultura
2014/04/30
PUBLIZITATEA
Caracas, Venezuela. Solemnitatez eta sentimenduz. Honela egin ziren Venezuelan apirilaren 20an Aberri Eguneko ospakizunak. Caracasen, eguna goizeko hamaikak inguru hasi zen Eusko Etxearen El Paraisoko egoitzan, aita Pedro Galdos jesuitak Baserriko --euskal etxearen eraikin nagusiak baserri itxura dauka eta hala eitzen diote-- areto nagusian emaniko euskarazko meza batez, 220 pertsonatik gora partaide, Eusko Etxeko lehendakari Pedro Javier Arriaga Aguirrek EuskalKultura.com-i azaldu dionez.
[Aberri Eguneko meza, euskaraz, aita Pedro Galdos aretxabaletarrak emana]
Ondoren, eguerdi t'erdik aldean, Euskadiko eta Venezuelako ereserkiak jo ziren bi herrialdeetako banderak mastan igotzen ziren bitartean euskal etxeko sarreran, Gudarien Monumentuaren aurrean. Koldo Olalde txistulariak gidatu zuen publikoa ereserkien kantuan. Komunitateko bi kide esanguratsuri egokitu zitzaien banderok igotzea, senar-emazteak eurak, Karmele Bilbao (Venezuelakoa) eta Kepa Lecue-ri (ikurriña), bi dantzarik, Ainara Olalde eta Iker Urcelay-k ohorezko aurreskua dantzatzen zuten bitartean.
[Karmele Bilbaok jaso zuen Venezuelako bandera eta bere senar Kepa Lecuek beste hainbeste egin zuen ikurrinarekin, bi herrialdeotako ereserkiak airean zeudela]
Senidetasun eguna
Ordubatean pilota partidei ekin zitzaien, euskal etxearen pilotalekuetako batean, esku lau t'erdikoan, eta Iker Urcelayk (pilotari eta dantzaria) 22-12 irabazi zion Ekaitz Lacasari, partida txukun batean. Segidan paleta larruzko pilotare txanda izan zen eta Jorge Borrajo eta Mousiñoren arteko norgehiagokan azken hau gailendu zen bi set set bakarrera, "ongi txalotutako jokoan".
[Kepa Urcelay eta Ekaitz Lacasaren arteko esku huskako pilota partida. Lehenak bigarrenari 22-12 irabazki zion]
Anaitasun bazkaria hiruretan heldu zen, Baserriko areto nagusian, eta bertara hirurehun bat bazkaltiar bildu ziren, honako osagaiak izan zituen menua dastatzera: porrusalda, indabak "sakramentu guztiekin", tripakiak, atuna bizkaitar erara, oilasko txanpinoiduna, pasticho, arrozesnea, natilla eta yogurra, guztia ardo nafarrez eta bertako edari tropikalez lagunduta.
[Zale zirenentzat, Athletic-ek partida jokatzen zuen eta telebistaz segitu ahal izan zen, emaitza ona izan ez bazen ere talde euskaldunarentzat]
Eusko Etxetik, Pedro Javier Arriaga lehendakariak EuskalKultura.com-ek ematen dion aukera baliatzen du bere esker ona azaltzeko egunean lagungarri izan ziren bazkide lagunei, hala nola Maite Carranza, Oyane Arregui, Maite Arriaga, Josune Zubizarreta, María Isabel Arriaga, Agurtzane Arteaga, María Teresa Ballatori, María Isabel Ramírez, María Alejandra Ramírez, Anton Arriaga, Unai Azpiritxaga, Victor Ballatori, Txomin Viscarret, Clever Ramírez, Joseba Barreda eta Gotzon Lacasari, baita "beste askori ere, laguntzeko prest egon baitziren, eta baita bertaratu ziren lagun guztiei ere, gerta zitezkeen akatsak hobetzeko aukera bezala hartu baitzituzten ez eta kritikatzeko puntu bezala, beti ere laguntzeko eta ongi pasatzeko gogoa nagusi".
Valencia-Caraboboko Eusko Etxean
Carabobo estatuan, Naguanagua-Valencian, bertako Eusko Etxeak ere meza batez abiatu zuen eguna, kasu honetan Jose Garcia nafarrak, La Isabelitako parrokoak elebidun emana. Abadeak, predikuan, bat egitera deitu zituen venezuelar guztiak elkarrekin lanegitearren herrialdearen alde: "guztiok bakean bizi gaitezen, egiazki Aita beraren seme kontsidera gaitezen eta, guztiaren gainetik, elkar errespeta dezagun eta batasuna, berradiskidetzea eta bakea bila ditzagun", bertako Notitarde egunkariak jaso zuenez.
[Ikurriña eta Venezuelako bandera Caraboboko Eusko Etxean Aberri Eguneko ekitaldian (argazkia Notitarde)]
Mezan, bildutakoek Euskadiko eta Venezuelako banderak eskaini zituzten, senidetasun sinbolo gisa, euren bizitzen iragana, oraina eta geroaren adierazgarri. Garcia apeza, Nafarroan jaioa bera, 40 urtetik gora da lanean ari dela Venezuelan, eta hiru urte dira urteroko funtzio honetan meza-emaile dela. Berak darama baita ere, abuztuan, Eusko Etxearen egoitzan bertan, Begoñako Amaren ohorez egiten den meza, Begoñako Andre Maria baita Naguanaguako zaindaria zein euskal etxearena, dio aipatu egunkariak.
Josu Ugalde Caraboboko Eusko Etxeko lehendakari denak --elkarteak datorren asteburu honetan egingo du bere Urteko Batzar Nagusia-- gure buletin honi gogoratzen zionez, Aberri Eguna da euskal etxearen festa nagusia, Caracasen bezalaxe elkartearen sorreratik beretik, "geure erroekiko atxikimenduaren adierazgarri, Venezuelarekiko esker onarekin batera".
Puerto La Cruzeko Eusko Etxea
Bere aldetik, egun Venezuelan dauden hiru euskal etxeetako hirugarrenak, Puerto La Cruzeko Eusko Etxeak, Anzoategui estatuan, ez zuen berez erakunde gisa Aberri Eguneko elkarretaratze bateraturik deitu, urtetako ohitura eta tradizioen ildoa baztertuta. Herrialdeak bizi duen egoera nahasia "eta zehatzago euskal etxearen egoera kari, beste faktore batzuekin batera, esan nahi baita erakundearen bazkide kopurua jaitsi izana, geratzen diren bazkideetako askoren adin altua eta euskal etxeko kideak Euskadira joan izana" lirateke egoera horren ekartzaile, bertako kide den Kepa Bidegurenen aburuz.
Puerto La Cruzen, beraz, ez zen ekitaldi amankomunik egon euskal etxean, eta euskal familia bakoitzak berean ospatu zuen eguna, "oraindik ere Aberri Eguna, hala bizi eta ikasi dugu, euskaldunon egun handia baita, edonon edo edonola zaudela oroitu eta ospatzeko eguna, bereziki familiarekin eta gainerako euskaldunekin", esan digu Bidegurenek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus