euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal eta Nafar Gobernuetako ordezkariak euskararen alde elkarrekin lan egiteko akordio batera iritsi dira

2008/02/25

Irudiaren erdian, Carlos Perez Nievas eta Miren Azkarate; ezkerrean, Azanza, eskuinean Baztarrika
Irudiaren erdian, Carlos Perez Nievas eta Miren Azkarate; ezkerrean, Azanza, eskuinean Baztarrika

PUBLIZITATEA

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Carlos Perez Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak lorturiko lehenengo akordio honi esker, bi gobernuak prest agertu dira euskararen alde elkarrekin lan egiten hasteko. Bilerak euskararen etorkizunari elkarrekin erreparatzeko balio izan zuen, bien arteko lankidetzaren oinarri izan daitezkeen gaiak mahaigaineratzeko eta aurrerantzean hizkuntza gaietan normaltasunezko harreman bideetan sartzeko.
Joan den ostiraleko bilerak argi utzi zuen euskal eta nafar Gobernuek gai politikoak alboan utzi eta urratsak eman nahi dituztela elkarrekin hizkuntza gaiei dagokienean. Miren Azkaratek adierazi zuen hizkuntzak zeozer badira elkar ulertzeko eta komunikatzeko tresnak direla eta Perez Nievasek, bere aldetik, bileran politikaz hitz egin ez izanak, euskararen alde lan egitearen prozesuan pauso garrantzitsua dela azpimarratu zuen. Bilerak hainbat gai aipatu zituen, besteak beste nola hasiko diren lan batzordeak prestatzen, eta batzorde horiek azter ditzateken gaiak.

Ostiraleko elkarretaratzeak Euskararen Nafar Institutuko zuzendari berria, Xabier Azanza, euskal Gobernuari aurkezteko balio izan zuen baita ere. Pérez-Nievasen iritziz, "legitimitate osoarekin iritzi desberdinak izan arren" Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko elkarlana, lehendik ere bi erkidegoetako teknikarien eta funtzionarioen artean arazorik gabe gauzatzen zena, "bi gobernuen arteko lan batzordeak abian jartzean islatuko da orain".

Azkaratek eta Perez Nievasek jakin arazi zuten bi exekutiboetako hizkuntza politikako arduradun taldeak aste honetan izango dutela lehenengo bilera. Aurreneko lankidetza proposamenak honako gaien inguruan izan daitezkeela aipatu zuten: Belaunaldien arteko hizkuntza transmisioa, toponimia, terminologia, ikerketa soziolinguistikoa eta, oro har, euskara biziberritzerako onuragarriak izan daitezkeen neurri eta hausnarketak.


Lotura interesgarriak

Euskara, Berlinen garatuko den Expolingua Azokan
2007ko azaroaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

EJko Kultura Saila, bere baitan da Hizkuntza Politika Sailburuordetza
Euskadi.net webgunearen baitan

Hezkuntza Deptu. Nafarra, bere baitan da Euskararen Institutua
Navarra.es webgunearen baitan


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia