euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal eta guarani kulturen arteko senidetzea Corpus Christiko EEak eraiki duen eskolaren emate ekitaldian

2011/05/05

Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Ekintzarako alduna Corpus Christin izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa ezinbestekoa izan da ekimena gauzatzeko (argazkia CorpusChristiEE)
Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Ekintzarako alduna Corpus Christin izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa ezinbestekoa izan da ekimena gauzatzeko (argazkia CorpusChristiEE)

PUBLIZITATEA

Joan den astelehenean, maiatzaren 2an, Argentina iparraldean, Corpus Christiko Eusko Etxea elkarteak ofizialki eman zion Mbyá Guaraní herriko komunitateari azken urtean elkartasun ekimen bati esker eraiki duen eskola. Emate ekitaldira euskal elkarteko kideak, guarani herriko Tavá Mirí hezkuntz komunitateko ikasleak, irakasleak eta kideak bildu ziren. Euskal Herritik etorrita, ekitaldian izan zen Gipuzkoako Kanpo Ekintza eta Kiroletako diputatua, Iñaki Galdos. Ekimenean parte hartzekoa zen César Arrondo irakasleak, aldiz, ezin izan zuen bertaratu.

Corpus Crihsti, Argentina. "Ekitaldiaren helburua eskola, guarani herriari ematea zen. Eskola hau amets nagusienetako bat da diskriminazio eta pobrezia gordina sufritzen duen herri honentzat", esan zuten Euskal Etxetik. "Izan ere, badakite hezkuntzaren bitartez aurrera egin ahal izango dutela eta bertako irakasleak trebatuz euren kultura mantendu ahal izango dutela, batez ere euren ama-hizkuntza".

Ekitaldia hiru hizkuntzatan egin zen: guaraniz, gaztelaniaz eta euskaraz. Mbyá Guaraní komunitatearen buru ("cacique" esaten diote) Germán Acostak, eskerrak eman zituen eta bertan bildutakoei komunitatearen bizi baldintzak ikusteko eta kultura ezagutzeko gonbitea egin zien, lehendabizi guaraniz eta ondoren gaztelaniaz. 

 Inauguración escuela guaraní (3)

[Hiru bandera izan ziren ekitaldian: argentinarra, bertako herriena eta ikurriña. Iruditan eskolako ikasle batek herri indigenen bandera dakar, harro, eskolako bata estrainekoz soinean (argazkia CorpusChristiEE)]

Hizkuntza eta biziraupena

Euskal Etxeko Carlos Leyríasek ekimena nola sortu eta garatu zen azaldu zuen. Ondoren, Olga Leiciaga presidenteak eraikina eman zion ofizialki Tavá Mirí herriko komunitateari eta Iñaki Galdosek eta Germán Acostak plaka oroigarri bat desestali zuten. Roxana Duarte irakasleak eta Aída Giménez euskal etxeko kideak moztu zuten zinta.

Ondoren Iñaki Galdosek eskerrak eman ziezkien euskal etxeko kideei, elkarteak, eta euskal etxeek orohar, egiten duten lana goraipatuz. Galdosek bereziki azpimarratu zuen lan hau ez dela mugatzen euskal kultura zabaltzera, baizik eta euskaldunek euren inguruan bizi direnei laguntzeko ahalegin handia ere egiten dutela. Galdos nortasuna gordetzearen garrantziaz mintzatu zen eta guarani herria bere hizkuntza mantentzeagatik zoriondu zuen. Hizkuntza gordetzearen garrantzia nabarmendu zuen, "hizkuntza galtzen bada, herria galtzen" dela esanez.

Inauguración escuela guaraní (2)

  [German Acosta eta Iñaki Galdos eskolan plaka oroigarria desestaltzen (argazkia CorpusChristiEE)]

Haritza eta palmondoa

Eskolaren eraikina bedeinkatu ondoren, haurrek kanta guaraniak abestu zituzten. Ondoren, eskolatik gertu, bi zuhaitz landatu zituzten Carmen Miranda de Ballesteros eta Gladys Ferragut de Markiewicz bazkideek: haritz bat eta palmondo bat. Euskal eta misionestar kulturaren irudi dira bi zuhaitzok eta "askatasunaren, bakearen eta berdintasunaren ikur" bezala haziko dira eskolan, euskal etxeko arduradunek azaldu zutenez. 

 Inauguración escuela guaraní (1)

[Eskola inaugurazio ekitaldirako atondu zuten (argazkia CorpusChristiEE)]

Gipuzkoako Aldundiaren laguntza ekonomikoa eskertzeko, German Acosta kazikeak guarani artisauek eginiko termo bat eta mate bat oparitu zizkion Iñaki Galdosi. Paranako Urrundik Euskal Etxeak, aldiz, Parana ibaiaren argazki bat eman zion eta ohorezko gonbidatu izendatu zuen, Aldundiaren laguntzari esker guarani haur hauen ametsa bete ahal izan dutela azalduz. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia