euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal eta argentinar dantzak, euskara, eta 900 ikasle partaide Buenos Airesko Euskal Echea-ko Euskal Jaian

2015/09/11

Euskal Jaiaren azken irudia, kolore eta alaitasunez beteta (argazkia Marcelo Lacket)
Euskal Jaiaren azken irudia, kolore eta alaitasunez beteta (argazkia Marcelo Lacket)

PUBLIZITATEA

Urteko ekitaldi nagusia ospatu zuen Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea eskolak joan den larunbatean. 2015eko Euskal Jaia erakundearen Llavallolgo egoitzan gauzatu zen eta milatik gora lagun bildu zituen ikasle, irakasle, guraso eta lagunen artean. Argentinan Eukaraz programaren 25. Urteurreneko ospakizunarekin ere egin zuen bat instituzioak eta ohorezko Aurreskua eskaini zitzaion programaren barnean. 

Llavallol, Argentina. Urtean zehar ikastetxean garatzen diren ekintzak erakusteko helburua du Euskal Echea eskolaren Euskal Jaiak eta asmo horrekin goiz osoko jaialdian musika, dantza eta kirol ikuskizunak burutzen dira eskolako ikasleak eta irakasleak protagonista.

Aurtengo festaren programa beti bezain oparoa izan da eta mota askotako ekintza batu zituen joan den larunbatean: hasteko, ikasleak eta banderak sartu ziren Llavallolgo Euskal Echea-ko kirol zelaira. Ondoren, Argentinako ereserkia eta Gernikako Arbola abestu zituzten bildutakoek. Ruben Tardio apaizak izan zuen bedeinkazioa emateko ardura eta eskolako 70 ikaslek Argentinan Euskaraz programari Aurreskua dantzatzeko ohorea.

Euskal Echea-ko Euskal Jai guztietan oso batasun polita lortzen da Euskal Herriko eta Argentinako kultur adierazpenen artean. Eta joan den asteburuko jaian batze hori Pericon izeneko dantza argentinarrarekin irudikatu zen. Baina Euskal Jaian, euskal dantzak ere aurkeztu zituzten, bistan da, eskolako ikasleek: Txulalai eta Riki Riki (hasierako mailako ikasleak), Arku Dantza (bigarren mailakoak), Makil Dantza (4.,5., eta 6. urratsetako ikasleak) eta Polka Pik (1., 2., eta 3. mailakoak). Irakasleak ere dantzan jarri zituen jaialdiak: ikasleek eta gurasoek lagunduta Txapeloaz taularatu zuten. Jaiari amaiera emateko, Fandango, Arin Arin eta Biribilketa egitera bildu ziren lagun guztiak.

Jaiaren baitan, Euskal Echea-ko abesbatzak emanaldia eskaini zuen eskolako kaperan eta bigarren mailako ikasleek mikroekimenetako standetan lan egin zuten. Aipagarria da, gainera, Euskal Jaia burutu ahal izateko ezinbestekoa izan zela eskolako Euskara eta Euskal Kultura saileko Gabriela Mendia, Maite Azcarate, Bego Muñiz (koordinatzailea), Ioar Oteiza eta Iñaki Aramayo irakasleen lana.

Erakundeko ordezkariak ere bertaratu ziren Llavallolera, besteak beste, Euskal Echea elkarteko Simon Pedro Soroet lehendakaria; Eduardo Lizaso diruzaina; Juan Manuel Dieguez, Diego Perez Boulán, Maria Luisa Alvarez Mujica, Graciela Gatti, Pilar Vildosola de Fagoaga eta Enrique Fagoaga batzordekideak; Jorge Barros, Jon Kepa de Erkiaga eta Néstor Raíces zuzendariak; hiriburuko eskolako zuzendari diren Viviana D`Andraia, Marcela Sánchez Rubio eta Graciela Aparicio; sailetako koordinatzaileak: Begoña Muñiz (euskara eta kultura), Marcela Marianelli (ingelesa), Roxana García Grassi (frantsesa), Diana Borsani (katekesia) eta Diego Supply (heziketa fisikoa). Llavallolgo eskolako ordezkariek ere hartu zuten parte hitzorduan: hasierako mailako zuzendari Pia Brescianik eta Izaskun Ordoqui erakundeko koordinatzaileak; eta baita FEVAko lehendakariorde eta Laurak Bat Euskal Etxeko lehendakari den Arantxa Anituak. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia