euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal eta argentinar dantzek bat egin zuten General Rodriguezko Euskal Etxearen XII. urtemugaren jaian

2011/09/14

Irailaren 4ean ospatutako euskal etxearen urtebetetzean, Eusko Aterpea-ko dantzariek beren koreografiak oparitu zizkioten publikoari (argazkia EE)
Irailaren 4ean ospatutako euskal etxearen urtebetetzean, Eusko Aterpea-ko dantzariek beren koreografiak oparitu zizkioten publikoari (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Azken mende honetan ehundik gora euskal etxe sortu dira Argentinan, bakoitza bere historia, ezaugarri eta nortasunarekin, aniztasunean biziz euskal argentinarra izateko esperientzia, baina helburu bera amankomunean: Euskal Herriaren kultura ezagutu, maitatu, hedatu eta aldarrikatzea. Buenos Aires probintziako Gral. Rodriguez herrian, Eusko Aterpea erakundeak hartu zuen, duela 12 urte, xede horiek betetzeko ardura. 1999an sortu zenetik bildutako eskarmentuagatik, eta geroztik aurre egindako erronka, arrakasta eta oztopoak gainditzeko aukerengatik egin dute topa Rodriguez-eko euskal lagunek irailaren 4an, non eta pixkanaka eta ahalegin handiz goititzen eta eraikitzen ari diren EEaren egoitzan.

Gral. Rodriguez, Argentina. Duela hamabi urte bildu eta sortu zuten euskal etxea Gral. Rodriguezeko euskaldunak, euren arbasoen kultura hobeto ezagutu eta babesteko leku berezi bat sortzeko asmoarekin. Lekua 'Eusko Aterpea' izendatu zuten eta harrezkero buru belarri ekin diote euren elkartearen izenak eta izanak bat egin zezaten aldi eta mementu oro.

Urtean zehar hamaika ekintza gauzatzen dira Eusko Aterpean: Hitz Nagusiak zikloa, irrati saioa, euskara eta dantza klaseak... edota txipiroi salmenta bezalako ekimenak, azken kasu honetan sukaldaritza eta diru-iturri berriak lortzeko beharrarekin jolasean [gogora dezagun hilean behin prestatzen dutela plater hau, kopuru handian, etxeko sukaldari bolondresek, eta anoka edo razioka saltzen, eta lortzen den dirua egoitza bukatzeko lanetara doala]. Horrez gain, euskal etxe barneko 'Nikomedes Iguain Azurza' liburutegia, zazpi mila aletik gora dituena, irekita mantentzen du astelehen, asteazken eta ostiral arratsaldetan 4:00etatik 7:45etara, bazkideentzat baina gainerako herritarrentzat ere zabalik.

Eusko Aterpea euskal etxearen 12. urtemuga 2011 01

[Urtero bezala, Gral. Rodriguezeko euskaldunek errekia eta pastel gozoak eskaini zizkieten gonbidatuei (argazkia EE)]

Bistan da euskal kulturak bere aterpea duela Buenos Aires probintziako herri honetan eta horixe bera ospatu dute irailaren 4ean, elkartea sortu zela 12 urte bete direnean. Festa, Immigrantearen Egunean bertan egin zen eta General Rodriguezko Udaleko eta herritarren ordezkariekin batera, inguru herrietako euskal etxeetako ordezkari anitz ere bertaratu ziren urtebetetzeko bazkarian parte hartzeko. Ordezkaririk bidali zuten edo partaide etorri ziren Pilar-eko Eusko Etxeatik, Jose C. Paz-eko Toki Eder-etik, Cañuelas-ko Denak Bat-etik, Suipachako Gure Txokoatik, Las Heras-eko Euskal Etxetik eta San Miguelgo Askatasunaren Bidea euskal elkartetik; Lujango eta Morenoko lagunak ere bertaratu ziren.

Eusko Aterpea euskal etxearen 12. urtemuga 2011 02

[Eskualdeko herrietako lagunek ere ospatu zuten Eusko Aterpea-ren urtemuga. Argazkian, San Miguelgo Askatasunaren Bidea, Cañuelasko Denak Bat eta Las Heras-eko Euskal Etxea-ko kideak (argazkia EE)]

Euskal Etxeko dantzariek beren koreografia onenak oparitu zizkieten bildutakoei eta Euskal Herria eta, Argentinaren artean dagoen lotura estua irudikatzeko, Panpa Hezeko pieza batzuk ere interpretatu zituzten, “gato” eta “chacarera” delakoak, hain zuzen. Euskal etxeak gonbidaturik, Gral. Rodriguezeko 'Costumbres Nativas' taldea ere aritu zen jaian. “Egun bikaina igaro genuen euskaldun artean, arbasoak gogoan genituela”, adierazi diote Eusko Aterpeako eledunek EuskalKultura.com-i.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia