euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal eta andaluziar kulturak nahasten dituen 'Ipar-Sur' aperitiboak irabazi zuen Mexikoko EEko lehen 'Pintxo Eguna'

2008/07/01

Trinidad de la Orden eta Mari Carmen Arrechea izan ziren lehen 'Pintxo Eguna' lehiaketako irabazleak (argazkia Mexikoko Euskal Etxea)
Trinidad de la Orden eta Mari Carmen Arrechea izan ziren lehen 'Pintxo Eguna' lehiaketako irabazleak (argazkia Mexikoko Euskal Etxea)

PUBLIZITATEA

Mexikoko Euskal Etxeak lehen 'Pintxo Eguna' ospatu zuen iragan larunbatean eta elkarteko kideek antolatutako lehiaketan Trinidad de la Ordenek eta Mari Carmen Arrecheak osatutako bikotea izan zen irabazle. 'Ipar-Sur' izeneko pintxoa aurkeztu zuten, euskal eta andaluziar kulturak nahasten zituen mokautxoa. Bigarren saria Arantxa eta Miguel Larregui anai-arrebek egindako 'Hogazita' pintxoak jaso zuen, eta hirugarren tokia Jorge Robles eta Luis Miguel Zugarramurdiren 'Fusion' pintxoarentzat izan zen.

Mexiko DF, Mexiko. Gastronomian eta, bereziki, pintxoen prestakuntza eta dastaketan zaletuak diren lagunek euren sukaldaritza maila erakusteko aukera ederra eduki zuten iragan larunbatean Mexikoko Euskal Etxeak antolatutako lehen Pintxo Egunean. Zazpi aperitibo aurkeztu ziren orora, 'Nordiko' edo 'Boga Boga' bezalako izen orijinalekin. Lehiaketak lagun asko bildu zituen euskal etxera eta bertaratu zirenek jakiak dastatzeko auekra izan zuten. Halabaina, hiru adituek osatutako epaimahaia izan zen azken erabakia hartzeko ardura izan zuena.

Lehen 'Pintxo Eguna' Mexikoko Euskal Etxean4
[Epaimahaiak lehiaketako pintxo onenak aukeratu zituen]

Lehen 'Pintxo Eguna' Mexikoko Euskal Etxean1
[Goiko irudian, Trinidad de la Orden eta Mari Carmen Arrechea irabazleak txapeldunen txapelarekin]

Lehen postua Trinidad de la Ordenek eta Mari Carmen Arrecheak aurkeztutako 'Ipar-Sur' pintxoak irabazi zuen. Euskal eta andaluziar kultura nahasten zituen aperitiboa prestatu zuten. Salmorejo kremarekin busti zuten ogia eta gainean kalabazin irineztatua, gazta krema eta pipar gorria jarri zuten. Bigarren postua Arantxa eta Miguel Larreguiren 'Hogazita' pintxoarentzat izan zen. San Juango onddoz osatutako kukumarroa aurkeztu zuten.

Lehen 'Pintxo Eguna' Mexikoko Euskal Etxean2
[Mexikoko Euskal Etxeak antolatutako lehen 'Pintxo Eguna' lehiaketan parte hartutako bikote bat pintxoa prestatzen]

Lehiaketako hirugarren sailkatua Jorge Roblesek eta Luis Miguel Zugarramurdik osatutako bikotea izan zen. 'Fusion' pintxoa zen beraien proposamena eta honako osagaiak zituen: ogiaren gainean arrain-xerra, olio-ozpina izkirarekin, eta mango saltsa. Jarduera ostean, partaideek musika eta dantzekin gozatu ahal izan zuten gauerdia baino beranduago arte.


Lehen 'Pintxo Eguna' Mexikoko Euskal Etxean3
[Lehiaketa ostean, dantzatzeko momentua iritsi zen (argazki multzoa Mexikoko Euskal Etxea)]


Lotura interesgarriak

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico
www.vascosmexico.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia