euskal diaspora eta kultura
2012/02/27
PUBLIZITATEA
Palo Alto, AEB. Amets Arzallus, Julio Soto eta Johnny Curutchet bertsolariak aritu ziren kantuan iragan otsailaren 21ean Stanford unibertsitatean, bertan Euskara eta Euskal Kultura ikastaroa ematen duen Joseba Iñaki Lopez de Luzuriaga irakurleak antolatu zuen ekitaldian.
Bertsolaritza zen jardueraren mamia eta, Euskal Herriko eta Estatu Batuetako bertsolariak aurrez aurre lanean jartzeaz gain, beste kulturetako bapatekotasun tradizioak ere izan ziren bertan hizpide, hala nola Kubako repentistak edo Argentinako payadoreak.
Euskal Herria eta Amerika
Ekitaldia hasteko, Lopez de Luzuriagak bertsolariak aurkeztu zituen eta bertsolaritzari buruzko azalpen labur bat eman zuen. Amets Arzallus (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1983) Euskal Herriko bertsolari ezagunenetakoa da eta Txapelketa Nagusian finalista izan da 2001, 2005 eta 2009ko edizioetan; gainera, azken honetan txapeldunordea izan zen. Julio Soto (Gorriti, Nafarroa, 1987) egungo Nafarroako Bertso txapelduna da (iazkoa ere izan zen).
Johnny Curutchet bertsolaria San Frantziskon jaioa izanik Ezterenzubin (Nafarroa Beherea) hazi zen; 1970az geroztik AEBetara itzuli eta bertan bizi eta aritu da bertsotan Oesteko euskal komunitateko bertsolari ezagunenetakoa den sanfrantziskotarra. 2006an Ameriketako "Basque Hall of Fame" edo 'Ospearen Aretoan' sartu zen eta 2003an AEBetako folk artearen arloko sari garrantzitsuenetako bat jaso zuen: National Endowment for the Art’s National Heritage Fellowship Award.
Bertsolariekin solasean
Ondoren, Edith Leni doktoradu ikasleak, Hego Ameriketako bertsolariei buruzko hitzaldia eskaini zuen eta jarraian 'Bertsolari' dokumentalaren hamar minutuko trailer bat izan zen ikusgai. Dokumentalak lau urtean behin egiten den Euskal Herriko Bertso Txapelketa azaltzen du.
Dokumentala ikusi eta gero, bertsolariek solasaldia egin zuten ikusleekin eta haien galderak erantzun zituzten, ingelesez. Jarraian, bertso saioa egin zuten, Stanford-eko Euskara eta Euskal Kultura ikastaroko ikasleek klasean proposatu zituzten gaiak erabiliz.
Ondoko bideoan, bertsolariak kantuan eta bertsoak ingelesez azaltzen (bideo gehiago eta kronika ingelesez San Frantziskoko Basque Cultural Center-en webgunean):
Bertsotan aritzea azken mokadua, postrea edo kopa eta purua izango ziren, baina bertsoak abestea aurreikusi zen momentutik bertatik zerbait prestatu beharra zegoen entzuleek bertsoak ulertu eta gozatu ditzaten. Euskarako ikasleen gozagarri izan zela diozu, jakin nahiko nuke zenbatek ulertu zituzten bertsoak (gehien bat kontuan hartuta euskarako klaseak jasotzen hilabete gutxi daramatzatela ikasleek, Stanford-eko euskara klaseekin ikasturte hontan hasi baitira). Finantzamenduari buruz informazio zehatzik ez dut, ez, baina lepoa jokatuko nuke diru publikoa dagoela tartean (izan bedi Etxepare, Eusko Jaurlaritza edo Bertsozale elkartea, honek ere diru-laguntzak jasotzen baititu). Noski, oso "guaia" geratzen da Stanfordeko unibertsitate "prestigiodunean" bertsoen nondik-norakoak azaltzeko dirua jartzea, edo Berlinen izugarrizko ekitaldia egiteko, atzerrian egiten diren beste hainbat ekitaldiri inongo babesik ematen ez zaien bitartean (nahiz eta ekitaldi hauek jende gehiago erakarri eta egun gehiagoko egitaraua prestatu).
Arrieta, 2012/03/02 02:00
Plater nagusia ez zen bertsotan aritzea, zuzenean bertsolaritzaren berri ematea baizik, eta bertsotan aritzea azken mokadua, jendearentzako erakusgarri eta bereziki euskara ikasleen gozagarri. Betiere zilegi izan bedi kritika, uste dut hala ere diruaz eta inguruabarrez informazio askorik ez duzula eta ez naiz luzatuko, tartean beste erakunde garrantzitsu batzuk ere badira eta. Agur t'erdi.
J. Iñaki Lopez de Luzuriaga, 2012/03/01 08:11
Oso ondo dago gure bertsolariak atzerrira eramatea eta bertsolaritza zer den azaltzea kanpotarrei. Baina behin holako ekintza bat antolatuta (eta bertsolariak AEBraino eramatea duen kostuarekin, zihur aski diru publikoarekin ordainduta dagoena) ongi prestatu beharra dago. Jakina zen bertsolariek euskaraz egingo zutela eta entzuleen gehiengoak ez zuela ezer ulertuko. Zergatik ez da esan osteko interpretaziorik egiten? Bertsolariak bertsotan eta ez da inor apunteak hartzen ikusten ondoren hori interpretatzeko. Gainera, antolatzaileari interpretatzeko eskatzen diotenean esandakoaz ez dela gogoratzen esaten du! Hau askoz ere hobekiago aurreikusi zezaketeen.
Arrieta, 2012/02/28 18:06
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus