euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sei gasteiztar NYko maratoian debuta egiteko prest, Martin Fiz, Eneko Llanos eta Anne Igartibururekin

2010/10/29

Taldeko kide batzuk aurreko lasterketa batean (argazkia AngelLz.Luzuruaga)
Taldeko kide batzuk aurreko lasterketa batean (argazkia AngelLz.Luzuruaga)

PUBLIZITATEA

Urtero bezala Euskal Herriko eta Diasporako ausart batzuk datorren azaroaren 7an New Yorkeko maratoiaren edizio berrian parte hartuko dute. Aurtengoan debuta egingo dutenen artean Gasteizko sei emakume --'senior', diote eurek-- ariko dira. Entrenatzaile talde bikaina izango dute alboan: Martín Fiz maratoilaria, Eneko Llanos triatleta, Joseba Beloki txirrindularia eta baita Anne Igartiburu aurkezlea ere.

Vitoria-Gasteiz. Maite, Amaia, Ana, Itziar, Laura eta Juani Gasteizko 24 lagunek osatzen duten talde bateko kide dira. Duela bi urte hasi ziren korrika egiteko elkartzen, astean lau aldiz gutxienez. Kirolak 'engaiatu' edo 'engantxatu' egin omen ditu, baina euri edo elur egin kalera atera eta korrika egitera bultzatzen dituena taldean duten giro ona omen da. "Korrika egitera atera eta hizketan goaz beti. Batzuetan gelditu eta guzti egin behar izaten dugu, halakoak dira gure barreak!", dio Anak, Estadio aldizkariak argitara emandako artikulu batean.

Datozen egunotan orain arteko erronka handienari aurre egin beharko diote: New Yorkeko Maratoia. "Talde bazkari batean, txantxetan, norbaitek esan zuen 'Zergatik ez goaz New Yorkera?' eta asko pentsatu gabe batzuk 'Zergatik ez?' erantzun genion", gogoratzen du taldeko kide den Amaia Marinek. "Eta horrela, zoro-zoroan, hantxe izango gara".

Taldeak luxuzko entrenatzailea du: Martin Fiz maratoilaria, Anaren senarra. "Anak hurrengo New Yorkeko maratoia egingo genuela esan zionean Martinen aurpegia ikusteko modukoa izango zen!", dio Amaiak. "Baina Martinek gure aldeko apustua egin zuen eta berak prestatu dizkigun entrenamenduei esker, gure ametsa egia bihurtuko dugu aurki".

Lau hilabete gogor izan dira, jo eta su entrenatzen, eta datorren asteko igandean --azaroaren 7an-- ikusi ahal izango da emaitza. Gure sei korrikalarien alboan Martin, Eneko Llanos triatleta, Joseba Beloki txirrindularia eta Anne Igartiburu aurkezlea ariko dira korrika New Yorkeko kaleetan. "Anne oraintxe lesionatuta dago, baina sendatzea espero dugu", azaltzen du Amaiak. Taldeak elkarrekin egingo du egonaldia New Yorken eta dagoeneko hango euskal komunitatearekin harremanetan jarri dira, elkarrekin zerbait antolatzeko asmoz. Izan ere, urtero taldetxo polita izan ohi dira bakoitza bere aldetik munduko leku batetik eta bestetik New Yorkeko maratoia korritzera biltzen diren euskaldunak.

EuskalKultura.com-etik ekimenarekin bat egin nahi dugu eta gonbitea luzatzen diegu lasterketan parte hartuko duten euskaldun guztiei euren argazkiak bidal ditzaten, info@euskalkultura.com helbidera.  Animo eta aurrera!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia