La Plata, Argentina. “Esne Gozoki”a du izena Euzko Txokoak salgai daukan esne gozoak. Berez, ‘Matxin Burdin’ Liburutegiaren proiektua da eta Etxeko erreferente den Maria Fernanda Astigarragak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, "Carnevali izena duen Magdalena herriko esnegileak markarik gabe egiten du esne gozo hau eta gero, erosten duen erakunde bakoitzak nahi duen izena jartzen dio. Gure kasuan ‘Esne Gozoki’ jarri diogu eta salmentan lortutako dirua Euskal Etxearentzat izango da”, azaltzen du.
‘Esne Gozoki’ hau Euskal Etxeak antolatzen dituen jaietan saltzeko ekarri da; adibidez, uztailaren 8an ospatuko dituen San Ferminetan. Baina, Astigarragak dioskunez, hain arrakasta handia izan du ezen data horretarako erositakoaren erdia salduta daukatela dagoeneko. “Beraz, gehiago erosi behar izango dugu”, esan du Euskal Etxeko bozeramaileak.
Eta nolatan euskal esnea? “Halaxe da", erantzuten du Maria Fernandak, irribarrez. "Erdi txantxetan erdi benetan esaten dugu. Izan ere, ekoizleari esnea saltzen dioten esnegileak, euretako batzuk, euskal jatorrikoak dira, Euskal Etxeko kide, eta horregatik esaten dugu euskal behiak direla. Baina serioago jartzen bagara, egia da ekoizle hauek Buenos Aires probintziako euskal esnegileen eskualdean daudela, eta beraz gure 'Esne Gozki' Euskal Herritik etorrita hemen letxero ibili ziren gure arbasoei egiten diegun omenaldi apal gisa jo daitekeela”, azaltzen du Astigarragak.