euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Erbesteari buruzko Nazioarteko 9. Mintegiak antzerkia izango du ardatz, Donostian azaroaren 5etik 7ra

2008/06/16

Alfonso Sastre antzerkigileak omenaldia jasoko du Hondarribian
Alfonso Sastre antzerkigileak omenaldia jasoko du Hondarribian

PUBLIZITATEA

Hamaika Bide elkarteak bere bederatzigarren nazioarteko mintegiak izango duen gaia iragarri du: antzerkia eta erbestea. Mintegia Donostian egingo da, azaroaren 5etik 7ra, eta bertan erbesteko ‘arlo ezezagunenetarikoa’ den antzerkigintzan sakonduko dute herrialde desberdinetako hainbat adituk. Jardunaldietan Euskal Herriarekin harreman estua duten hainbat egileen lana aztertuko dute: besteak beste, Eduardo Ugarte, Cecilia G. de Guilarte, Telesforo Monzon, Pepita Embil, José Bergamín, Martín Ugalde eta Alfonso Sastre. Azken honek, José Martín Elizondo eta Ricardo Doménech-ekin batera omenaldia jasoko du Hondarribian.

Donostia-San Sebastián. Hamaika Bide elkarteak eta Deustuko Unibertsitateak antolatzen duten Nazioarteko Mintegiaren 9. edizioak ‘Exilio, teatro, teatralidad’ izenburua izango du aurten eta Donostian eta Hondarribian egingo da azaroaren 5etik 7ra. Mintegi honetan nazioarteko adituek erbesteko euskal antzerkigile eta aktoreen eta Euskal Herriarekin harreman estua izan zuten Espainiako egileen ekarpena aztertuko dute. ‘Gizon–emakume hauek ezagutu, berreskuratu eta hainbat kasutan, lehen aldiz deskubritzea, horixe da mintegi honen helburua’, azaldu dute antolatzaileek, erbesteko euskal antzerkigintzaren lana azpimarratuz.

Mintegian aurkeztuko diren lanak honako gaietan banatuko dira: antzerkigileak; zuzendari eta aktoreak; arte plastikoak (eszenografia, figuringintza) eta musika; iritzi-emaileak eta editorialak; antzerkia eta euskal erbestea. Helburua antolatzaileen esanetan ‘antzerkigintza ikuspegi global batetik aztertzea da, bere arlo desberdinak landuz’.

Omenaldiak Hondarribian

Ekitaldiak azaraoren 5ean hasiko dira, Donostiako Deustoko Unibertsitatearen egoitzako Gradu Aretoan. Azaroaren 5eko eta 6ko arratsaldeko jardunaldiak Koldo Mitxelena Kulturetxean egingo dituzte eta itxiera ekitaldia Hondarribiako udaletxean izango da. Itxiera ekitaldi honetan omenaldia jasoko dute Alfonso Sastre antzerkigileak, José Martín Elizondo zuzendariak eta Ricardo Doménech kritikari eta ikerlariak (Madrileko Antzerki Eskolako katedratikoa).

Mintegiaren koordinazio eta ondorengo akten argitaratze lanaren arduradunak Iñaki Beti Sáez (Deustuko Unibertsitateko irakasle) eta Mari Karmen Gil Fombellida (doktorea eta Donostiako Antzerki lantegiko irakaslea) dira. Mintegiko batzorde zientifikoa honakoek osatzen dute: Manuel Aznar Soler (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), José Ángel Ascunce Arrieta (Deustuko Unibertsitatea), Nigel Dennis (Saint Andrews Unibertsitatea, Eskozia), Ricardo Doménech (Goi Mailako Antzerki Eskola), José Ramón Zabala Agirre (Hamaika Bide Elkartea), Iñaki Beti Sáez (Deustuko Unibertsitatea) eta César Oliva (Murtziako Unibertsitatea).


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia