euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal erbesteari buruzko eduki berriak Hamaikabide.org eta Kondaira.com web orrialdeetan

2009/09/10

Hamaikabide.org web orrialdearen irudia
Hamaikabide.org web orrialdearen irudia

PUBLIZITATEA

Euskal erbestearen inguruko eduki berriak ikusgai dira Hamaikabide.org eta Kondaira.com webguneetan. Lehenengoan, besteak beste, 'Victorio Vicuña: Así fue la liberación del sur de Francia' liburua aurkezten da; 'Hilabeteko Pertsonaia', Federico Alvarez Arregi irakasle eta idazle donostiarra da, eta 'Hilabeteko artikulua', Parisen 1952an Euzko Deyan argitaratutako 'Moral del exilio' testua daukagu. Kondaira.com-en, ostera, Euskal Diasporaren inguruko lau artikulu daude, euskaraz: 'Erreinuaren bihotzean. Euskaldunek Madrilen osaturiko elkartea (XVIII-XIX. mendeetan)'; 'Aro berria ameriketako nafar emigrazioaren irudiaz: bere buruaren eta bestearen inguruko ikuskera'; 'Ameriketara joandako emigrantearen irudia Euskal Herriko prentsan (1876-1936)'; eta, azkenik, 'Pariseko Eskual Etxea eta euskal nortasuna'.

Donostia, Gipuzkoa. Hamaika Bide elkarteak lanean darrai erbesteko euskal kultura azterketak egiten eta euskal kulturaren historia diren lanak berreskuratzen. Lan honen erakusgarri da elkartearen web orrialdea eta honetan material berria jarri dute ikusgai. Kondaira.com, ordea, historia aldizkari elektronikoa dugu eta publikatu berri duen alean, Euskal Diasporaren inguruko lau artikulu aurki ditzakegu.

Hamaikabide.org-i dagokionez, 'Victoriano Vicuña: Así fue la liberación del sur de Francia' liburua aurkezten da. Mikel Rodriguez historialariaren lanean, Bigarren Mundu Gerran aritutako Lasarteko brigadaren testigantza jasotzen da. Horretaz gain, 'Hilabeteko Pertsonaia' atalean, Federico Alvarez Arregi irakasle eta idazlea dago. Donostiarra jaiotzez, bere familiarekin La Habanara erbesteratu behar izan zuen haurra zelarik. Ondoren, bere bizitzako urte gehienak Mexikon eman ditu. Urrian Donostia eta Bilbon egingo den erbesteari buruzko kongresuan, omenaldia egingo zaiola jakinarazten du elkarteak.

Aipatu bezala, Hamaika Bide elkarteak zenbait lan berreskuratu ditu eta horietako bat aurki daiteke 'Hilabeteko artikulua' atalean. Honetan, 'Moral del Exilio' Manuel de Irujok idatzitako artikulua dugu, Pariseko 'Euzko Deya. La Voix des Basques'-en 1952ko apirilaren 1ean argitaratu zena. Web orrialdean gainera, Ernestina de Champoucin poeta arabarrari buruzko liburuaren berri ematen da, besteak beste.

Euskal Diasporaren historia

Kondaira.com, bestetik, euskarazko Historia aldizkaria da eta kasu honetan, bere azken alean Euskal Diasporaren inguruko lau artikulu jasotzen ditu: Erreinuaren bihotzean. Euskaldunek Madrilen osaturiko elkartea (XVIII-XIX. mendeetan); Aro berria ameriketako nafar emigrazioaren irudiaz: bere buruaren eta bestearen inguruko ikuskera; Ameriketara joandako emigrantearen irudia Euskal Herriko prentsan (1876-1936) eta azkenik, Pariseko Eskual Etxea eta euskal nortasuna. Artikulu hauek bere osotasunean irakurri eta eskuratu daitezke web orrialdean.


 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia