Donostia-San Sebastian. SPRItik azpimarratu dute Basque Consortium sortzeak urrats kualitatiboa dakarrela euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko politikak indartzeko estrategian, eta hala, erakundeek beraiek eskaintzen dituzten baliabideak eta enpresek kanpoko merkatuetara zabaltzeko egiten dituzten ahaleginak optimizatuko dituzte. Basque Consortium, horixe da, Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru foru aldundiek eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritza ganberek elkarrekin abiarazitako ekimena, bat-egite horren helburua izanik eman beharreko urratsak ematea, besteak beste, nazioartekotzeko diru-laguntzak eskatzeko egin behar diren izapideak murrizteko eta errazteko.
Ekimena Kursaal Biltzar Jauregian aurkeztuko dute erakundeetako ordezkariek Munduari Begira Biltzarraren bigarren edizioan. Urteroko kongresu horretan, konpainiek aukera dute nazioarteko merkataritzako azken albisteen berri jakiteko, baita SPRI Taldeko Kanpo Sareak 83 herrialdetan dituen teknikariekin kontsulta pribatuak egiteko ere.
Dagoeneko 300 enpresak baino gehiagok baieztatu dute Biltzarrean izango direla, eta erakundeen aldetik ere bertan izango dira Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko presidentea. Aipatutakoez gain, Basque Consortiumeko hainbat arduradun eta teknikari ere izango dira ekitaldian.
Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak joan den ostiralean Basque Consortiumen sendotzea. iragarri zuen, Donostian emaniko prentsaurrean. Tapiak Munduari Begira-ko bigarren edizio honen datu nagusiak ere aurreratu zituen. Bere aldetik, Gipuzkoak Foru Aldundiko bozeramale Imanol Tapiak balioa eman zion ekimen honi, bere ustetan "gogoetarako eta munduaren garapenak hartzen dituen ildoei erreparatzeko eta nazioartekotze prozesuak nola garatu eta egonkortu aztertzeko" plataforma bikaina delarik, foru erakundeak egindako apustuarekin bat.
Munduari Begira Biltzarraren aurreko edizioan oso harrera ona izan zuen Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren sorrerak; huraxe izan zen lehen urratsa euskal enpresei atzerrirako bidea egiten laguntzeko ekimen instituzional guztien administrazio integratu hau martxan jartzeko. Aurtengo biltzarrak ilusioz sortutako proposamen honen sendotzea ekarriko du; izan ere, asteazken honetan, ekainaren14an, nazioartekotze arloko administrazio integratuko programa honen oinarriak eta helburuak aurkeztuko dira Munduari Begira Biltzarrean. Basque Consortium eratzen duten 7 erakundeak horretan ari dira lanean.
Merkatuko joerak eta zibersegurtasuna
Nazioartekotze-politiken administrazio integratuko egitasmo hori aurkezteaz gain, Munduari Begira Biltzarraren bigarren edizio honetan gaurkotasun ekonomikoarekin lotura duten hainbat gai aztertuko dira hitzaldi-egitarau zabalean. Eta gai horiek jorratzeko, nazioarteko entzute handiko hainbat aditu elkartuko dira Kursaalera, baita atzerrian presentzia duten euskal enpresetako hainbat ordezkari ere. Aurten, hitzaldiak hiru bloketan banatu dira: lehen blokean, enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzean eragina duten aldaketak eta joera globalak aztertuko dira; bigarrenean, atzerriko merkatuetarako jauzi horri lasaitasunez aurre egiteko behar den industria-zibersegurtasuna jorratuko da; eta hirugarrenean, azkenik, enpresetan nazioartekotzeko ekimenak gidatzen dituzten langileek zer lanbide-gaitasun izan beharko luketen azalduko da.
Hizlari nagusia Lars Thomsen ‘etorkizun-iragarlea’ izango da, egoitza Suitzan duen Future Matters ‘think tank’-aren zuzendari eragilea. Energiaren, mugikortasunaren eta sare adimendunen arloan munduko joerak aztertzea da enpresa horren zeregin nagusia. Thomsen aholkulari lanetan aritu izan da negozio-estrategiak eta -ereduak garatzen, eta Alemaniako 800 enpresak eta korporaziok baino gehiagok baliatu izan dituzte eredu eta estrategia horiek, baita Alemaniako Gobernuarekin lotura duten hainbat erakundek eta agentziak ere. Donostian, gai hauek izango ditu hizpide: joera ekonomiko, politiko eta sozialak aldarazten dituzten inflexio-puntuak nola identifikatu; datozen 10 urteetan marketing-aren esparruan eragingo duten aldaketak; bezeroaren esperientzia; edo bitarteko sozialen erabilera kontsumoan eragiteko.
Thomsenekin batera, goi-mailako beste bi hizlari ere izango dira lehenengo bloke horretan: Carsten Beck, Copenhagen Institute for Future Studies zentroko aholkularia eta zuzendaria, eta Ignacio García Bercero, Europako Batzordeko Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren zuzendaria eta EBko negoziazio-taldeen burua, besteak beste, AEBekin sinatutako merkataritza libreko itunean. Hizlariok elkarrekin arituko dira BBVA Research lantaldeko Joseba Barandiaranek moderatuko duen mahainguruan.
Zibersegurtasuna
Industria-zibersegurtasunari buruzko blokean, bertaratuek aukera izango dute informazioa eskuratzerakoan zer mehatxu dauden eta horiei aurre egiteko zer neurri har daitezkeen jakiteko. Goi-mailako adituak izango dira bloke honetan ere, beren ikuspegia eta aholkuak ematen: Koldo Valle, Elecnor konpainiako segurtasun eta eragiketen arloko arduraduna; Álvaro Fraile, ITS Security enpresako kontseilari ordezkaria, eta David Barroso, CounterCraft enpresako kontseilari ordezkaria.
Azkenik, Chris Brewster, Readingeko Unibertsitateko giza baliabideen kudeaketako irakasleak, Amaia Arizkuren, Deustuko Unibertsitateko pertsonen kudeaketa arloko irakasleak, Ángela de los Heros, Antal International erakundeko Euskadiko managerrak, Marisol Busto, Gestamp enpresako txasisen negozio-unitateko giza baliabideen zuzendariak eta Ciara O’ Higgins, Tecnaliako nazioarteko aholkulariak interes handiko beste gai bat aztertuko dute: enpresek atzerrira hedatzeko prozesuan beren langileen mugikortasuna nola kudeatu beharko luketen, hedatze hori arrakastatsua izan dadin.
Lan-eremua: SPRI Taldeko Kanpo Sare osoa bertaratuei laguntzeko prest
Hitzaldien eta mahainguruen egitarauarekin batera, Munduari Begira Biltzarrean enpresentzako aholkularitza zuzeneko gune bat izango da bigarren edizio honetan ere. Lan-eremu hori Kursaaleko jantokien aretoan egokituko da, eta bertan, enpresariek aukera izango dute SPRI Taldeko Kanpo Sareko ordezkariekin eta teknikariekin aurrez aurre hitz egiteko (gaur egun 83 herrialdetan du presentzia sare horrek, eta 16tan bulego propioak ditu).
Elkarrizketa horietarako, hitzordua eskatu beharko dute aurrez webgunean. Hilaren 14an Donostiako Biltzarrera bertaratu ezin dutenek beste bi aukera izango dituzte SPRIko teknikari eta aholkulariekin biltzeko, horietan ere aldez aurretik hitzordua eskatuta: ekainaren 15ean Bilbon (Yimbi gunea, Ercilla kalea, 24), eta, ekainaren 16an, Arabako Teknologia Parkean, Miñaon.
SPRI Taldeko Kanpo Sareko teknikariekin elkarrizketa pertsonala eskatzeko esteka
Dagoeneko 300 bilera baino gehiago daude hitzartuta SPRI Taldeko Kanpo Sare horretako eragileekin.
Horrez gain, lan-eremu horretan bertan, jardunaldira biltzen direnek aukera izango dute Basque Consortium osatzen duten erakundeek eta organismo espezializatuek (Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberak) nazioartekotze-estrategietan landutako ekimenen berri jakiteko, eragileen beraien eskutik.