euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal enpresa eta erakundeek Kubarekin lankidetza sendotu dute Habanako Fihav 2016 azokan

2016/11/08

Euskal ordezkaritza azokako Euskal Pabilioiaren inaugurazioan (argazkia Gipuzkoako Foru Aldundia)
Euskal ordezkaritza azokako Euskal Pabilioiaren inaugurazioan (argazkia Gipuzkoako Foru Aldundia)

PUBLIZITATEA

Iragan ostiralean amaitu zen Kuban Habanako Nazioarteko Azoka - FIHAV 2016, eta azken urteetan bezala euskal partehartze nabarmena izan du topaketak. Euskal Herriko 32 enpresa eta Jaurlaritzako ordezkaritza bat izan dira Habanan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Merkataritza Ganbarekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako diputatu Ainhoa Aizpuru ere bertan izan zen. Bidaiak Euskal Herria eta Kubaren arteko merkataritza eta enpresa harremanak sustatzeko helburua zuen.

Habana, Kuba. Eusko Jaurlaritza eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Merkataritza Ganberen ordezkaritza bat Habanako FIHAV 2016 azokan izan zen iragan astean, Euskal Herria eta Kubaren arteko lankidetza sendotu asmoz. Merkataritza misio honetan hainbat sektoretako 32 euskal enpresek parte hartu zuten: 14 gipuzkoar, 14 bizkaitar eta 4 arabar. Enpresak hainbat sektoretakoak ziren, baina gehienak energia, motore eta hoteletako ekipamendu arlokoak ziren.

Euskal partehartzeak erakuslehio nabarmen bat izan zuen: Euskal Pabilioia izeneko areto berezia. Pabilioia 1999az geroztik antolatzen da eta euskal enpresentzako aurkezpen eta topaguna aparta da.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkari Industria sailburuordea, Javier Zarraonaindia, eta Nazioartekotzerako zuzendaria, Ainhoa Ondarzabal, izan ziren Habanan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik, Ekonomi Sustapenerako diputatua, Ainhoa Aizpuru izan zen, eta esan bezala, ordezkaritza izan zuten ere Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko merkataritza ganberek. 

Astean zehar ordezkaritza honek eginiko bileren artean aipagarria da Zarraonaindia eta Ondarzabalek Kubako Industria eta Energia ministroekin izan zuten topaketa. Bilera honetan bi gobernuek lankidetzan jarraitzeko eta Kuban euskal enpresen jarduna errazteko asmoa berretsi zuten. 

Gaur egun 40 euskal enpresa daude uhartean lekututa, baina Kuba eta Euskal Herriaren arteko merkataritza harremanak 130 enpresatara zabaltzen dira. 

Kubako Euskal Etxea

Euskal erakundeek Kubako Euskal Etxearekin biltzeko asmoa agertu bazuten ere, azkenean bilera ezin izan zen gauzatu agenda arazoengatik, Euskal Etxeko presidente Renato Garcia Eguskizak EuskalKultura.com-i agertu dionez. Euskal elkarteak Kuba eta Euskal Herriko herri eta probintzien arteko senidetzeak sustatu nahi ditu, eta horixe zen bilerak jorratu nahi zuen gaietako bat.

Bestalde, aipatu euskal etxea bere 140. urteurreneko ospakizunak antolatzen hasia dela jada. 2017an beteko ditu urteak eta horretarako prestatzen hasi diren ekitaldien artean honakoak aipatu ditu Garcia Eguskizak: euskaldunek Kuban duten presentzia historiakoa omentzeko jarduerak, hitzaldiak, euskal zinema emanaldia eta gehiago.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia