euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Euskal Emakume’-en garaia da: Reno inguruan batzen hasi dira AEBetako hainbat hiritako emakumeak

2014/11/14

Giro ederra sortzen dute 'Basque ladies'-ak antolatzen dituzten bileretan (Argazkia: Florence Larraneta Fraye)
Giro ederra sortzen dute 'Basque ladies'-ak antolatzen dituzten bileretan (Argazkia: Florence Larraneta Fraye)

PUBLIZITATEA

Apirila inguruan, emaila igorri zien Neena Laxalt-ek 35 kontaktuei, afari baten inguruan batzeko. Denek eman zuten baiezkoa. Berba egin zuten, jakiez eta edariez gozatu eta ederto batean igaro zuten arrasti-gaua. Esperientziarekin pozarren, beste bilera bat egitea erabaki zuten eta Florence Larraneta Frayek hartu zuen antolatzearen ardura. Irailaren 21erako deitu zuen hurrengo ‘batzarra’ eta hau ere erabat arrakastatsua izan zen. “Gonbidatutako denak agertu ziren, lekuz larri ibili ginen”, esan dio EuskalKultura.com-i. Abenduaren 13an bilduko dira berriz ere emakumeak, Renoko (Nevada, AEB) Louis Basque Corner jatetxean, eta 75 lagun batzea espero dute. “Emakumeentzat gauza garrantzitsua delako hasi da hau hazten”.

Reno, AEB. Euskal emakume hauetako baten berbak ekarri ditu gogora Frayek: Jaialdira joan eta “arrotz sentitu zen emakumea, lekuz kanpo”. Bere ustetan badago emakume euskal-amerikarrek faltan somatzen duten zerbait. “Askotan politikariengan edo idazleengan zentratzen gara, eta ahaztu egiten dugu jende xumea. Baina diasporaren parte ere badira hauek eta beren esperientziari buruz hitz egitea maite dute”.

“Gustura sentitzen dira emakumeak bileretan –esan du arduradunak−. Inor ez da lotsatuta sentitzen, bakoitzak bere izena idatzita jartzen du paparrean, euskalduna zein amerikarra, eta elkarrizketak ezker-eskubi sortzen dira orduan”. Komunitatea indartzeaz dihardu Frayerek, unibertsitatera joan zenean txikitu egin zitzaiolako euskal mundua, etxea atzean lagata: “Harremanak galtzen dituzu, hizkuntza ez duzu entzuten, baina euskaldun sentitzen zara oraindik. Ardi txiki bat dugu gutariko gehienak zainetan gora eta behera. Hori da gure historia”.

Edonori zabaldutako bilerak direla azpimarratu nahi izan du ere: “Euskal gaiak maite badituzu, etorri egin beharko zenuke", bota du gonbitea. Eta lagun baten berbak ekarri ditu gogora: “Euskalduna sentitzen bazara, euskalduna izan nahi baduzu, euskalduna zara”.

Adin guztietako emakumeak batzen ari dira taldera. Izatez, duela egun gutxi laurogei urtetik gorako bost emakumeren datuak hartu zituen Frayek. Boisen bizi dira, baina bileretan parte hartu nahi dute. Arizonatik joandakoak ere badaude eta, egun, gehiengoa dira Renokoak ez direnak. “Kalifornia, Idaho, Nevada, mendebaldeko estatuetako emakumeak bildu beharko giñateke”, dio. Hala ere badaki sinpletasuna dela arrakastaren gakoa: “Taldeak aurrera egingo du baldin eta lar konplikatzen ez badugu”.

Azken bileran, Lisa Corcostegui The Basque Branch webgunea aurkeztu zuen, euskaldunen ondorengoei euren familia zuhaitzak egiten laguntzeko sortu duen ekimena. Eta hurrengo bilerarako Center for Basque Studies-eko bi ikasle joango zaizkie Olentzerori buruz hitz egitera. Abenduaren 13an izango da, Renoko Louis Basque Corner jatetxean. 50 emakumek izena eman dute jada, baina 25 toki daude oraindik libre. Hala ere, orain artekoak ikusita, arin beteko direla ematen du.

Joan nahi baldin baduzu eta informazio gehiagorik behar izatekotan Florence Larraneta Frayeri idatzi egiozu: nevadalovestory@gmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia