euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Elkartearen baitan sortu den Municheko Irakurle Klubak lehen saioa iragarri du 'Ni ez naiz Mikel Laboa' hizpide

2025/04/21

Municheko Euskal Irakurle Klubaren lehenengo topakea uztailean izango da, eta hortik aurrera hiru hilabetero
Municheko Euskal Irakurle Klubaren lehenengo topakea uztailean izango da, eta hortik aurrera hiru hilabetero

PUBLIZITATEA

Munich, Alemania. Berri pozgarria Munichetik, Irakurle Kluba sortu berria baita Bavariako hiriburuko Euskal Elkartearen baitan, bertako bazkide Jon Iraolak bultzatuta. Ekimenak hiriko euskal komunitatea dinamizatzea eta biltzeko eta partekatzeko aukera berriak eskaintzea du helburu, literaturzaletasuna bultzatuz eta debateak sustatuz giro atseginean euskal obra haututuen inguruan, momentuko 2025-26 ikasturtean, saio bana hiru hilabetero. Interesatuek aski denbora izan dezaten obrak hitzorduak baino lehen irakurtzeko dagoeneko eman dira jakitera uztailetik aurrera hizpide hartuko diren lau liburuak, hala nola:

- "Ni ez naiz Mikel Laboa", Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe egile. Uztailaren 9an, 18:30etan.
- "Elkanoren herriari bueltaka", Ander Izagirre egile (2025eko urrian).
- "Neguko argiak", Irati Elorrieta egile (2026ko urtarrilean).
- "Gu gabe ere", Itziar Ugarte egile (2026ko apirilean).

Saioak Municheko Cervantes Institutuko liburutegian izango dira, sarrera doan. Parte hartzeko, behar da eman aldez aurretik, iraolajon@hotmail.com helbidearen bidez edo whatsapp-ez, +491602444067 zenbakia medio

"Munitxeko Euskal Elkartea"

Izen hori duen elkarteak Municheko euskal jatorrizko eta lagun euskaltzaleak biltzen ditu. Alazne Bergara du lehendakari eta euskal kulturarekin lotura duten ohiturei eustea eta giro bereko ospakizunak antolatzea du heburu, Iraolak berak EuskalKultura.eus-i baietsi dionez: “Noizbehinka topaketak antolatu eta azken bi urteetan tortila eta mus lehiaketak eta bazkariak ere eratu izan ditugu". "Baina denbora honetan, zalantzarik gabe, oiartzun handiena lortu zuen gure ekimena iazko Korrika izan zen”, azaldu du.

Kluba sortzeko arrazoiei dagokienez, "ni literaturazalea naiz, irakurtzea gustukoa dut oso", esan digu, "eta beraz oso modu naturalean otu zitzaidan", aitortu. “Momentuz zortzi laguneko taldetxo bat bildu da, beraz ezin gaitezke kexa, baina oraindik denbora badago gonbitea jende gehiagorengana iristeko, agian ohar hau irakurtzen dutenen artean", iradoki du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia