euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal elkarte gastronomikoen estiloko bazkariak eskaintzen ditu igandero Sydneyko Gure Txoko EEko jatetxeak

2024/08/01

Sydneyko Gure Txoko gero eta aukera estimatuagoa da Sydney aldean gastronomia fresko eta zaporetsua maite dutenen artean
Sydneyko Gure Txoko gero eta aukera estimatuagoa da Sydney aldean gastronomia fresko eta zaporetsua maite dutenen artean

PUBLIZITATEA

Sydney, Australia. 1966. urtean sortua, Australiako euskal etxeen arteko zaharrena da egun Sydneyko Gure Txoko. Ia sei hamarkada hauetan Euskal Herriko tradizioak atxiki eta gure kulturari lekua egiten aritu izan da, tartean euskal ohitura eta molde gastronomikoei. Nazioartean sukaldaritza euskal ezaugarri gailenetakoa izanik, Gure Txokok bere izenari ohore egin eta euskal txokoen tradizioari eutsi dio Australian eta igandero bazkari tipikoak eskaintzen ditu, australiar euskaldun eta ez-euskaldunek ongi asko apreziatzen dituztenak.

“Asteroko bazkari hauetan hiru platereko menua eskaintzen dugu, publikoari zabalik. Ohiko platerak dira, Euskal Herriko edozein herrixkako tabernetan edo elkarte batean prestatu eta dastatzen direnetakoak. Elkarteetan bezala, mahai luzeetan, elkar ezagutzen ez duten lagunak esertzen dira”, azaltzen diote EuskalKultura.eus-i. “Jendeak ezagutzen gaitu, ezagutzen du gure sukaldaritza eta asko hunkitzen da marmitakoa, babarrunak euren sakramentuekin edo gazta tarta errea bezalako platerak zerbitzatzen dugunean”.

Sukaldatzea maite duen gazte talde bat daukagu sukaldari, Euskal Herritik etorritakoak gehienak, eta hemengo zaleak loriatzen dira prestatzen ditugun platerekin

Plateren hautaketa ez da kasualitate hutsa izaten. Sukaldariak normalean ez dira chef profesionalak baina gazte euskal herritarrak dira, gaur egun Sydneyn bizi eta Gure Txokoko kide direnak. “Dena den, Basque Culinary Center-en eta ikasitako lagunik ere badugu taldean eta noizean behin etortzen dira gurekin lankide”, argitzen dute..

Proposamena arrakastatsua da oso, eta aste askotan erreserba kopurua bete eta izenak itxaron-zerrendara pasatzen dira. Bezkaltiarrak ez dira soilik Euskal Etxekoak edo Euskal Herriari lotutakoak. Izan ere Gure Txokokoren jatetxea, txikia izanagatik, gero eta ezagunagoa ari da egiten eta ahoz aho gomendatzen diote elkarri Euskal Herriarekin harremanik ez duten hainbat australiarrek.

Euskal jaien egutegia

Iganderoko bazkariaz gain Pintxo Gauak ere antolatzen ditu Gure Txokok, gazte jendeari begira bereziki. Tarteka antolatzen dira, normalean ostiralez, eta pintxoak, kalimotxoa eta txakolina dira menuko produktu behinenak. Bestela, Euskal Herriko jai nagusietako batzuk ere antolatzen ditu Gure Txokoko urteko egitarauak, tartean… Diasporaren Eguna, Euskararen Eguna, Aberri Eguna, San Fermin, danborrada ere ospatu izan da.. batzuk aipatzearren.

Igandeko bazkarietan parte hartzeko, aldez aurretik behar da erreserbatu, ostiraleko arratsaldeko 5ak baino lehen. Prezio apalagoa daukate Elkarteko kideek eta erretiratuek. Informazio gehiago, hemen.

- Gure Txoko Instagram-en, guretxokosydney
- Facebook-en, www.facebook.com/GureTxokoBasqueClubSydney
- Euskal Etxearen webgunea, www.guretxoko.com.au
- Zenbakia: (+61) 02 9331 5612
- Emaila: info@guretxoko.com.au
- Helbidea: 344 Liverpool Street,, Darlinghurst, NSW 2010



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia