euskal diaspora eta kultura
2010/03/08
PUBLIZITATEA
General Acha, Argentina. Urteurrena dedikazio eta maitasun osoz ari dira prestatzen elkarteko Kultura Azpibatzordeko kideak, tartean Luis Obieta Euzko Txokoa-ko lehendakaria bera, Valeria Garcia Oyarzabal, Evelia C. de Aguirre eta beste jende batzuk. Euskal Etxearen 45. urteurrena, gainera, urte berezi batean ospatuko da, aurten 20 urte bete baitira baita ere, munduko euskal etxeetan euskara barnetegi bat egin zeneko estreineko aldiarena, General Acha ondoan, aldameneko Macachin-en, General Achako partaide bat bertan, gainera. Ez dira biltzeko eta jendearen borondatea eta ahala suspertzeko baztertzeko aukerak, azken urteotan geroari buruzko kezka sartua baita landa eremu bete-betean dauden General Acha eta Macachin bezalako herri txikietan, euskal ekimenen gailurra atzean utzia dutelarik, belaunaldi immigrantea zahartua edo joana dela, ez baita gauza erraza garai batean elkarte handiak izan ziren eta espazio eta eraikin handiak sortu zituztenei segida egokia ematea.
45. urteurren honeko egitarauak senidearteko afari bat baitaratuko du, Macachingo dantzariak eta Santa Rosako lagunak partaide. Ekitaldian omenaldia egingo zaie 1965ean Euzko Txokoa sortu zutenei, Euskal Herriari buruzko bideo batzuk emango dira, Gaztemundu programara joan zirenek --2001ean (Valeria Garcia Oyarzabal) eta 2009an (Veronica Fuentes de Aguirre)-- hori laburbilduko dute, euskal musika entzungo da eta guztia amaitzeko dantzaldi herrikoi batek ipiniko dio amaiera egunari. Jakingarri gehiago eskuratzeko edo tiketak erosteko, idatzi e-maila vascaoyarzabal@yahoo.com.ar helbidera edo deitu 02954-15579382 telefonora.
General Achako Euzko Txokoa-Rincón Vasco Euskal Etxea 1965eko otsailaren 28an hartutako erabaki baten karietara sortu zen. Sorrera Bahia Blancako Beti Aurrera eta Lagun Onak taldeek herrian bertan egin zuten emanaldi batek eragin zuen, bertako euskaldunak Francisco Galarragaren etxean bildu eta gogoz beterik Euzko Txokoa-ren abiatzea zehazteko afari batera deitu baitzituzten "euskaldunak eta euren lagunak", azaldu digute euskal etxetik beretik.
Honela, 1965eko martxoaren 3an elkarteko lehenengo Zuzendaritza Batzordea osatu zen, honakoak kide: Francisco Galarraga, Vicente H. Armendariz, Juan A. Crespo, Julián Pérez Oyhenart, Bonifacio Anzorena, Carmelo Larrañaga, Miguel Arraras, Emilio Langlua, Francisco Obieta, Adolfo de Sarricoleta, Aníbal R. Lorda, Ricardo Azcona, Domingo Etchecopar, Francisco Larzabal, Eufrasio Otamendi eta Alberto Mikelarena.
Urte horretan bertan hasi ziren 'Campo de Doma' edo gaur egun zaldien/kabalen munduari eskainita inguru osoan dauden instalazio erabilien eta esanguratsuenen moldaketa, indar handiz eta jende asko partaide. Landa eremua da hau, Pampa, eta zaldien, behien eta gautxoen mundua beraz, eta euskal etxeak bildu zuen zaldiari eta gautxoei lotutako festibalak egiteko eremu hau sortzeko ideia, herriaren sarreran. 1971ean egin zen bertan lehenengo landa festa, bertako landa ohiturei lotua. Jorge A. Segura izeneaz bataitu zen eremua, izen bereko euskal etxeko sortzaileak zinez lagundu baitzuen eremua sortzeko, materiala ere emanez eta lanbak pertsonalki zuzenduz.
Gaur egun Euzko Etxeak eraikin oso handia dauka, pabilioi edo hangar baten modukoa, 1.200 metro koadrokoa, hainbat kirol instalazio barnean, pilota-kantxa, salako futbola, aldagelak, igerileku estaligabea, idazkaritza, sukaldea, liburutegia, berdegunea eta haragia erretzeko lekua, eta abar. Elkarteari euskal kultura egitasmia bat abiaraztea eskatu zaio eta horretan ari da Kultura Azpibatzordea, gauzak higitu nahian, tartean datorren larunbateko elkarretaratzea antolatzen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus