Erakundeko kide den Maite Salsamendi elikadura lizentziatuaren eskutik, Rauch-eko Gure Txokoa Euskal Etxeak euskal kulturaren presentzia bermatu du hiriko “Arrazako Hegaztiaren Jai Nazionala” izeneko elkarretaratzean. Euskal elikadurari buruzko hitzaldiaren ondotik, etxean eginiko arrozesnea eskaini zitzaion bertaratutako publiko ugariari.
Rauch, Argentina. Irailaren honetan, 3tik 11era bitartean egin da Rauch hirian, Buenos Aires probintzian, “Arrazako Hegaztiaren Jai Nazionalaren” 19. edizioa eta urtero bezala komunitateari begirako hainbat ekintza bildu ditu. Programa barruan eta antolatzaileek gonbidaturik, “Euskal Elikadura, tradizioa ala modernismoa?” izeneko hitzaldia eskaini zuen irailaren 4an, hiriko Kultur Etxean, Euskal Etxeko kide den Maite Salsamendi elikadura adituak.
Salsamendik berak EuskalKultura.com-i laburbildu dionez, “Euskal Herriko elikagai tradizionalenak --besteak beste ogia, esnea, esnekiak, haragia eta fruituak-- hartu ditut abiapuntu, eta horien produkzio prozesuen garapenari buruz hitz egin dut. Hitzaldiak, Euskal Gaietan Aditua titulua lortzeko Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztu nuen tesia hartu du oinarri”.
Hitzaldiaren ostean, Euskal Etxe kide den Silvia Contek prestatutako arrozesnea dastatu ahal izan zuten bildutakoek.
Maite Salsamendi urteetan izan da Rauch-eko Gure Txokoa Euskal Etxeko dantzari eta dantza taldeko irakasle. Gaur egun, Zuzendaritza Batzordean hartzen du parte. Esparru profesionalean, Elikagaien Teknologian lizentziatua da, UNICEN Universidad del Centro-k emaniko tituluarekin.