euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskal elikadura, tradizionala ala modernista?' hitzaldiarekin ireki du 2013ko egitaraua Rauch-eko EEak

2013/05/07

Gure Txokoa-ko euskal etxeko neskatoak Kultur Etxeko tauletan (argazkiaEE)
Gure Txokoa-ko euskal etxeko neskatoak Kultur Etxeko tauletan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako Rauch-eko Gure Txokoa euskal etxeak antolaturik Euskal Herriko elikadurari buruzko mintzaldia burutu zen herriko Kultur Etxean. Ekintza honekin euskal kultura zabaltzea helburu duen urteko programa abiatu zuten. Maite Salsamendik emandako mintzaldiarekin batera, euskal dantzak ere taularatu ziren. Madalen Ibargoyen-ek zuzentzen duen taldeak zenbait pieza tradizional jendaurretu zituen.

Rauch, Argentina. Lagun talde polita bildu zen apirilaren 27an Rauch-eko Kultur Etxean hiriko euskal etxeak deiturik. Proposamena 'Euskal elikadura, tradizionala ala modernista?' hitzaldian parte hartzea zen, eta Euskal Herriko kulturaren zati bat, sukaldaritza alegia, modu sakonagoan ezagutzea.

Ekitaldiarekin hasteko, Gure Txokoa-ko lehendakari Silvia Contek ongietorria eman zien gonbidatuei; horren ostean instituzioko dantzarien txanda izan zen:  Madalen Ibargoyen-en eskutik ohiko euskal koreografia batzuk dantzatu zituzten etxeko neskatoek.

Rauch-eko Gure Txokoa 2013 01

[Jendez gainezka agertu zen Rauch-eko Kultur Etxeko areto nagusia hitzaldiaren egunean (argazkiaEE)]

Elkarretaratzearen baitan, eta aurreko urteetan egin zen bezala, euskal etxeko kide helduenei egin zitzaien omenaldi txiki bat. Aurtengo edizioan Emilsa Avilak jaso zuen saria.

'Euskal elikadura, tradizio edo modernismoa?'

Euskal Herriko kultur adierazpen garrantzitsuenetako bat da sukaldaritza eta hori arlo askotan ikus daiteke. Jakina denez hamabi Michelin izar baino gehiago zenbatu ahal dira Euskal Herrian; eta goi mailako esparru horretatik at, zaila da imajinatzea mokadurik gabeko topaketarik euskaldunen artean. Baina jateko ohiturak ez dira beti berdinak izan eta gizartean gertatzen diren aldaketak sukaldean ere islatu ohi dira.

Historiaurretik gaur arte euskal elikadura nola aldatu den azaldu zuen Maite Salsamendi lizentziatuak bere mintzaldian. Horretaz gain, Euskal Herriko lurralde bakoitzeko elikagai nagusiak zeintzuk diren ere aipatu zuen eta zer nolako eraginak izan dituzten aurrerapen teknologikoek gastronomian.

Rauch-eko Gure Txokoa 2013 02

[Maite Salsamendi lizentziatuak, diapositibak baliatu zituen hitzaldia emateko (argazkiaEE)]

Maite Salsamendiri dagokionez, aipatu behar da Universidad Nacional del Centro-n ikasi zuela Elikagaien Teknologia eta Eusko Ikasgaietan unibertsitate aditua dela, Euskal Herriko Unibertsitateko titulu batekin.  

“Ekintza honekin 2013 honetarako dauzkan helburuak betetzen hasi da euskal etxea. Asmoa, beti bezala, euskal kultura zabaltzea eta geure kultura argentinarrengan daukan eragina ezagutaraztea”, azaldu digute Gure Txokoa-ko arduradunek. Gure Txokoa Facebook-en dago Centro Vasco “Gure Txokoa” de Rauch izenpean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia