Elko, AEB. Azken asteetan aldaketa handia gertatu da Estatu Batuetan pandemiari dagokionez. Ez bakarrik bertan, baita munduko beste leku batzuetan ere, kasu batzuetan tunel amaierako argia oso gertu ikusiz (hala nola Europan), baina beste batzuetan tunelean iluntasuna oraindik nagusi (Latinoamerikan adibidez). Munduan, ordea, sasoi hau urtero Udako Euskal Besta eta elkarretaratzeen sasoia denez AEB eta Kanadan, hoberako aldaketa horrek bertako udako euskal programetan ekarritako zinezko aldaketa aipatuko dugu segidan.
Duela pare bat hilabete, aurten udako euskal festarik ez zela izango zirudien. Elko zen ia salbuespen bakarra, Battle Mountain ere, eta bestela ezezkoak edo zalantza handiak ziren nagusi. Elkok iragarri zuen berea egin egingo zuela, baina urtero egun berean, uztailaren 4aren inguruan, Chinon egin ohi den Southern California Basque Club-ena bertan behera erabaki zuten bertako euskaldunek. Iraileko lehenengo astebururako ere, Chinoko Euskal Etxeak bertan behera utzi behar zuen berea.
Pandemiak eragindako egoeran aurrerapen nabariak gertatuta, oso denbora gutxian, erabakiak aldatu ahal izan dituzten euskal etxeek aldatu egin dituzte, ia guztiek. Aipa dezakegu, beraz, datorren astean, ekainaren 27an, euren euskal festa egingo dutela Salt Lake City-ko (Utah)euskaldunek, uztailaren 3 eta 4an Elkoko Euzkaldunak (Nevada) eta 4an Chinoko (Kalifornia) SCBC euskal etxekoek, uztailaren 10ean San Fermin ospatuko du Kanadako Vancouverreko Zazpiak Bat-ek, 17an Renokoena, abuztuaren 1ean, San Inazio Boiseko Euzkaldunak-ekoena (bazkideentzat bakarrik) eta abuztuaren 7an Mountain Home-koa (Idaho).
Baina izango dira euskal jai hitzordu gehiago ere eta joango gara euren berri ematen (Fresno, Susanville, Buffalo, Seattle, Winnemucca, Chino...)