Buenos Aires probintziako Monte Hermosoko Gizataldeen Jaian bi ekintza dira nagusiak: erakundeen kabalkada eta sukaldaritza gunea. Coronel Pringlesko euskal etxearen eskutik bietan egon zen ordezkatuta Euskal Herria, aurtengoan bisitari errekorra izan duen ekimen honen 8. edizioan.
Monte Hermoso, Argentina. Argentinako kostalde atlantikoan kokatuta --Buenos Aires probintzia hegoaldean, Bahia Blancatik ehun bat kilometro ekialdera-- Monte Hermoso hirian duela zortzi urte hasi da antolatzenn Gizataldeen Jaia herritarrei zein turistei arte eta sukaldaritza arloetako proposamen berriak eskaini ahal izateko.
Festaren 8. edizioa joan den azaroaren 22 eta 23an egin zen eta bertatik 150 kilometrora dagoen Coronel Pringleseko euskal etxeko lagunak Euskal Herria ordezkatzeko bertaratu ziren, ekimenean ardatz diren desfilean eta sukaldaritza gunean parte hartzera. Beti Dantzari taldeko gazteek lan handia egin zuten bi egunetan zehar, ez euskal txokoan txistorra eta patata tortilla saltzen bakarrik, baizik eta kabalkadan herriko kaleetan, ikurrina eta euskal jantziak erakusten.
Berri honekin batera, pringlestarrek jakinarazi digute abenduan jarraitu dutela ekintzekin. Izan ere beste bidaia bat egin dute, oraingo honetan San Francisco de Bellocq-era Euskal Sukaldaritza Festan parte hartzera. Eta joan den larunbatean, urte amaierako jaia ospatu zuten dantza taldeak, abesbatzak eta zuzendaritza batzordeak euskal etxeko egoitzan eta afari batekin.