euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Echea-ko ikasleen gurasoek ikastaro bat bururatu dute Udako Euskal Unibertsitatearekin

2010/06/15

Pedro Beramendi ikastaroko klase bat ematen
Pedro Beramendi ikastaroko klase bat ematen

PUBLIZITATEA

Proiektua abiatu zenetik, duela bi urte, otsailean ematen dira Buenos Airesen bertako 'Udako Euskal Unibertsitate'aren kurtsoak. Hala ere, programa honen arduradunen zereginak urte osokoak dira. Datorren urteko ekimenaren zabalkundea joan den apirilean hasi zen, esaterako, Buenos Airesko Liburu Azokaren testuinguruan. Ekain honetan, berriz, 2011ri begira, Udako Euskal Unibertsitateko antolatzaileek Euskal Echea Institutu euskalargentinarreko Gurasoen Elkartearekin batera, Euskal Herriko Kulturari buruzko oinarrizko ikastaro bat egin berri dute. Klasea bukatuta, irakasle eta ikasleek elkarrekin bazkaldu zuten bertako 'Guretzat' jantokian. Irailean, beste ikastaro bat egingo da, baina jende guztiari zabalik.

Buenos Aires, Argentina. “2010eko Udako Euskal Unibertsitatearen programa aurkeztu genuenean, euren seme-alabek --eskolako ikasleek-- ikasten dituzten gaiez jakin-min handia erakutsi zuten gurasoek”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Enrique Aramburuk, Euskal Echea Elkarteak kudeatzen duen proiektuaren arduradunak. “Hori dela eta, haiei zuzendutako ikastaro bat prestatu genuen”.

Ikastaroa ekain honetan, hilaren 5ean hain zuzen, gauzatu da Euskal Echea Institutuko Llavallolgo egoitzan. Irakasleei dagokienez, udako ikastaroetan aritzen diren batzuk izan dira hautatuak eskola hauek emateko: Pedro Beramendik, “Euskal historiaren bi mila urte” atala eman du; Jorge Beramendik, berriz, “Euskaldunen jatorria” eta “ Euskal ohiturak” hartu ditu gaitzat. Carlos Irisarri, azkenik, Euskal Kulturaz mintzatu da, aurkezpen orokor bat eginez.

Eskolen ondoren, lagun arteko bazkarian hartu dute parte ikasle eta irakasleek. Geroari begira, beste ikastaro bat antolatzen ari dira Euskak Echea-ko kideak baina oraingoan, komunitate osoari irekia. Horrez gain, klaseak Sarandi kaleko --Buenos Aires Hiriko-- egoitzan izango dira hiru ostegun jarraietan, arratsaldeko 6etatik 8etara. Ekitaldi honetan, Udako Euskal Unibertsitateko aurtengo edizioko idazlanak libururatuta aurkeztuko dira.

Lotura interesgarriak

Euskal Echea Institutua
www.euskalechea.org.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia