euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Echea Institutuak 2012ko kontzertu zikloaren azken saiora gonbidatu du gaur Buenos Airesen

2012/11/09

Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea institutuko kapera eta bertako organoa, ziklo bereko artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea institutuko kapera eta bertako organoa, ziklo bereko artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Maila handiko kontzertua entzun ahal izango da gaur hiriburu argentinarrean. Errezitala Euskal Echea elkarteak antolatzen duen zikloko azkena izango da, eta etxeko Ana Paula Segurolarekin batera Jose Luis de Aquino organo jotzaile brasildarra aurkeztuko da Buenos Aireseko publikoaren aurrean. Hitzordua arratsaldeko 6:30etan da, Sarandi kaleko kaperan eta programari dagokionez, Felipe Gorriti-ren Sonata Re Handian eskainiko dute musikariek beste pieza batzuen artean.

Buenos Aires, Argentina. Euskal Echea elkartea antolatzaile eta anfitrioi, 2012ko zikloaren azken kontzertua gaur arratsaldean egingo da, hiriburu argentinarreko Euskal Echea institutuko elizan. Bikoteka, Ana Paula Segurola eta Jose Luis de Aquino organistek programa oparoa eskainiko dute Sarandi kaleko egoitzako kaperan. Zikloko azken emanaldirako hautatutako piezak Franz Seydelmann-en eta Ramon Ferreñac-en sonatak, Adolph Hesse-ren Fantasia bat eta Felipe Gorriti-ren Sonata Re Handian izango dira.

Gogora dezagun apiriletik hona hilean behin burutu izan dela kontzertu zikloa, honako musikari eta obra egitarauari jarraituz:

-Apirilaren 13an, Ariel Azkue zuzendari duen ‘Los ministriles’ taldea
-Maiatzaren 11an, Gabriela Navarro Landaverria eta Leonardo Petroni organo-jotzailea
-Ekainaren 8an, Mercedes Garcia Blesa sopranoa eta Ana Paula Segurola organo-jotzailea
-Abuztuaren 10ean, Buenos Airesko Lagun Onak abesbatza (Miguel Pesce zuzendari), Jose Maria Gutierrez txistularia eta Jose Luis Bella organo-jotzailea
-Irailaren 14an, Mario Videla organo-jotzailea
-Urriaren 12an, Abesbatzen kontzertua. Hiriburuko Euskal Echea Institutuko abesbatza (Jose Antonio Cardozo zuzendari), Llavallolgo Euskal Echea-ko abesbatza (Alejandro Hansen zuzendari) eta Maria Cristina Deanna organo-jotzailea

Gaurko errezitalean artista brasildar batek lagunduko du etxeko Ana Paula Segurola, azken aurkezpenean. Jose Luis de Aquino Santa Marcelina Fakultateko graduatua da eta nazioarteko jaialdi askotan hartu izan du parte, hala nola Frantzia, Alemania, Austria, Suitza, Polonia, Italia, Portugal, Holanda, Espainia, Hungaria, Belgika, Argentina, Uruguai, Txile, Mexiko eta Israelen. Gaur egun Sao Pauloko Unibertsitateko Komunikazio eta Arte Musika Eskolako irakaslea da Aquino eta São Bentoko Monasterioko organo-jotzailea. Kontzertua arratsaldeko 6:30etan izango da, Sarandi kaleko 735. zenbakian, sarrera doakoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia