euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Echea ikastetxeetako ehundaka ikaslek Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrena izan dute gogoan

2017/10/23

Llavallolgo Euskal Echearen jaiko Euskal Estanpa
Llavallolgo Euskal Echearen jaiko Euskal Estanpa

PUBLIZITATEA

Bi egoitza ditu Argentinan 1904ean sortutako Euskal Echea Institutuak, bata Buenos Aires hiriburuan eta bestea Buenos Aires probintziako Llavallol-en. Bakoitzak urteko bere Euskal Festa nagusia antolatzen urtero, urri-azaroan, udaberri aldera, ehundaka ikasle partaide. Festa bakoitzak bere eguna eta programa duen arren, aurtengoetan biak gai bat elkarbanatu dute euren ekitaldietan: Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurreneko urtea dela-eta, ikasle/dantzariek Bizkaiko herriak jasotako erasoa gogoratu dute.

Llavallol, Argentina. Urriaren 14an izan zen Llavallolgo Euskal Echearen ospakizuna eta urtero bezala, oso jendetsua eta partehartzailea izatea izan zen egun osoko jaialdi honen ezaugarri nagusietako bat. Eguna, banderen sarrerarekin hasi zen eta Argentinako ereserkiarekin batera Gernikako Arbola abestu zuten bildutakoek, tartean, ikasle, ikasle ohi, guraso eta eskolako agintariek.

Zeremoniaren ostean, adin guztietako ikasleak kirol zelaian sakabanatu ziren eta kolorez beteriko emanaldi saio sorta eskaini zioten publikoari. Gimnasia artistikoa, gimnasia erritmikoa eta euskal dantzak izan ziren ikuskizuneko plater nagusia. Jaiaren irudi klasikoa den ‘Euskal Estanpa’ delakoa ere sortu zuten neska-mutilek. Besteak beste, ehundaka ikaslek Fandango, Arin Arin eta Biribilketa dantzatu zituzten elkarrekin. Aipatzekoa da ikasle ohi bat baino gehiagok egin zuela bat taldearekin azken dantzan parte hartzeko.

Egitarauaren ekintza nagusia ikuskizuna bada ere, beste hainbat proposamen ere eskaintzen zaizkie bertaratzen direnei. Eguerdia pasata, etorri zen erakusketa akademikoen txanda, eta ondotik hurrenez hurren mikro-ekimen, zuzeneko irrati eta musikena eta baita Aitor Alava zuzendari duen Dantza Plazan dantza tailerraren emaitzak erakusten dituen jaiarena ere.

Gernika gogoan

Bonbardaketaren 80. urteurrena (1937-2017) gogoratu zen aurten apirilaren 26an eta, izan ere, mundu osoko euskal diasporak mota askotako ekintzak egin ditu gertakaria behar bezala gogoan atxikitzeko. Euskal Echea kultura eta ongintza elkarteko bi eskolek ere bat egin zuten omenaldiekin, urteko euren euskal jaietan Bonbardaketari buruzko erakusketa eta antzezteekin.

Llavallolgo jaia urriaren 14an, eta Buenos Aires hiriburukoa irailaren 16an izan zen, biak Llavallolgo Eskolako instalazio zabaletan. Eguraldia lagun, hiriburuko eskolaren deialdia ere erabat arrakastatsua izan zen eta lagun ugari bildu zituen. Goizean zehar, eskolako ikasle guztiak izan ziren partaide euskal dantzetan zein kirol koreografietan.

Helburu solidarioa ere izan zuen hiriburuko ikastetxeko euskal jaiak. Izan ere, bigarren hezkuntzako ikasleek standetan bildutako dirua TECHO programari laguntzearren bideratu zen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia