euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Echea eskolako Euskal Jaiak hiru bat mila pertsona bildu zituen Llavallolen, Buenos Aires probintzian

2007/11/02

Olentzeroren sarrera Lavallol-eko Euskal Festara
Olentzeroren sarrera Lavallol-eko Euskal Festara

PUBLIZITATEA

Duela 103 urte erakundea sor arazi zuten ideia euskal-argentinarrei jarraiki, hala nola 'euskaldunen eta argentinarren artean elkartasuna bultzatu, laguntasuna eragin eta aberriarekiko maitasuna zabaltzeko' asmoz eta 'euskal populuaren kultur balioak hedatzeko, euskaldunen hizkuntza, historia, folklorea, artea eta gainerako agerpenak sustatuz', egin berria du Llavallol-eko Euskal Echea Institutuak bere urteroko Euskal Festa. Ia 3.000 pertsona bildu ziren bertara, besteak beste euskal dantzen inguruan eta 'mikro ekimenen' moduko proiektu berritzaileak aurkeztuz.
Euskal Echea Institutuak 1904tik hona bere inguru argentinarrean garatu duen engaiamendu eta konpromisoari eutsiz, urteroko Euskal Festa erraldoi eta jendetsua ospatu berri du bere Lavallol-eko egoitzan ikastetxe euskal-argentinar handi honek. Ikasleei dagokienez, ia mila bildu ziren Vanessa Felix eta Belen Girasole euskara eta euskal kultura ikasleek prestatuta ikasturtero azaroan egin ohi den festa honetara, urtean zehar ikasitakoa familiari, lagunei eta oro har bertaratutakoei erakusteko eta, aldi berean, erakundea sortu zuten fundatzaileei omenaldi gisa eskaintzeko.

['Estampa Vasca' delako unea Lavalloleko Euskal Festaren baitan]

Ekitaldia larunbatez egin zen, urriaren 20an. Goizeko hamarrak jota, sarrera moduan, Itsas Eskola Militarreko Bandak Argentinar Ereserki Nazionala jo zuen eta ondotik Gernikako Arbolaren akordeak entzun ziren. Jarraian Institutuko ikasleek eta Buenos Aires hiriburuko Acción Vasca-ren dantza taldekoek Aurreskua eskaini zieten agintariei. Segidan bedeinkapenaren txanda etorri zen. Ondoren, heziketa fisikoko eskemekin tartekatuta, dantza erakustaldiari ekin zitzaion, taldeka: lehenengo Ezpatadantza, Acción Vasca-ko dantzariek eskainia; ondoren, San Migel eta Kaxarranka, Euskal Echeko dantzarien esku. Bukatzeko bi erakundeotako dantzariak elkartu eta Batelera eta Lorezko Arkuak dantzatu zituzten.

'Mikro ekimenak' euskal gauzei lotuak

'Mikro ekimen'ek ere euren toki berezitua izan zuten ospakizunean, Institutuko ikasleek prestatu eta kudeatuta. Stand horietan ikasleek berek asmatu eta eginiko produktu eta artikuluak zeuden salgai, beti ere euskal marrazki, diseinu eta ikutuekin. Produktuen artean, txankletak ikurriñarekin, lauburuaz apaindutako zilarrezko eraztunak, kartera, motxilak, kalkoak eta euskarazko otoitzak zekarzkiten errosarioak. Bestetik, jolastoki estalian 'Euskal Aztarna' izeneko argazki erakusketa ibiltaria ezarri zen, gainerako eskaintzen osagarri.

Festari amaiera emateko Estampas vascas (Estampas vascas) delakoen unea iritsi zen, 900 bat ume eta gazte dantzan. 5. mailako Matías Goizueta ikasleak Olentzerorena egin zuen, sarrera ikazkin ezagunaren kantarekin eginez. Eguberritako beste abesti batek bide eman zien OHO eta Polimodaleko ikasleei, Haur Hezkuntzakoekin eta Lomas de Zamorako Denak Bat Euskal Etxekoekin elkartzeko. Guztiak jende aurrean bilduta, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailakoek 'Poxpolo eta Mokolo' pailazoen abesti-joku bat erakutsi zuten; hori amaituta, geratzen zirenek Kontradantza eta Fandangoa eskaini zuten eta talde txiki batek dantzatutako Arin Arinarekin bukatu zen emanaldia.

. Bildutakoen artean zeuden Llavalloleko legezko ordezkariak, Carlos Jaureguiberry ingeniaria eta Izaskun Ordoqui Urcelay erakundeko koordinatzaile orokorra; Dr. Santiago Bonfanti Zuzendari Orokorra; eta baita Haur hezkuntza, OHO eta Bigarren Hezkuntzako zuzendariak ere. Eguneko ospakizunekin segitzeko, hauek guztiak paella bat dastatu zuten Mikro ekimenen standetako batean.


Enlaces relacionados

Lavallol eta Buenos Aireseko 'Euskal Echea' Institutuak
www.euskalechea.esc.edu.ar

Bostehun bat txiki Llavalloleko 'Ume Festa'-n
2007ko irailaren 7an EuskalKultura.com-en argitara emana

Llavallol-eko Euskal Echea eta euskal kulturaren aldeko lana
2007ko apirilaren 24an EuskalKultura.com-en argitara emana

Lavallol-eko Euskal Echeak bere mendeurrena ospatu du
2004ko urriaren 29an EuskalKultura.com-en argitara emana

Mendeurrenaren ospatze instituzionala
2007ko uztailaren 9an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia