euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bigarren Mendeurreneko domina jaso zuen atzo Juan Bernardo Etchegoienek Euskal Echearen izenean

2010/09/09

Buenos Airesko Euskal Echea erakundeko lehendakari den Juan Bernardo Etchegoin, erakundeko kide eta lagunekin (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Airesko Euskal Echea erakundeko lehendakari den Juan Bernardo Etchegoin, erakundeko kide eta lagunekin (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako Maiatzaren Iraultzaren Bigarren Mendeurreneko urtean eta Immigrantearen Eguneko ospakizunen testuinguruan Buenos Aires Hiriak omenaldi berezi bat egin zien atzo, bertan bizi diren kolektibitateei. Ekitaldia hiriburuko Kultur Etxeko Urre Aretoan gauzatu zen, eta Antonio Pujia eskultoreak egindako dominak eman zitzaien gizatalde bakoitzeko ordezkariei. Euskaldunen izenean, eta Juan Bernardo Etchegoin instituzioko lehendakariak ordezkatuta, Euskal Echea erakundeak, 'Gizarte-laguntza arloan egiten duen lan eta zaharren egoitza izateagatik' jaso zuen bere saria.

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires Udalaren Puertas del Bicentenario (Bigarren Mendeurrenaren ateak) programaren gizataldeen omenezko ekimena den hau musika arloko proposamen batekin hasi zen atzo arratsaldeko ordu bi t'erdietan. Zubi urdin argia izeneko taldeak jo ondoren, Argentinako hiriburuan etorkinek izan duten eta gaur egun duten garrantzia nabarmentzen zuen bideo bat pantailaratu zuten antolatzaileek.

Dominen banaketarekin hasi baino lehen, Udaletxeko Bigarren Mendeurreneko ekintzen zuzendari den Carlos Ares-ek eta Erakunde Harremanetarako zuzendari den Claudio Avruj-ek hitz batzuk zuzendu zizkioten bildutako jendeari: 'Dominok garaikurrak ez direla azpimarratu nahi dugu; pertsona eta erakundeen lana, jarduera, zintzotasuna, duintasuna, ahalegina eta gizartean emandako ekarpena gailendu nahi ditugu', adierazi zuten omenaldiko arduradunek.

Euskal Echea erakundeak domina jaso du 2010 01

[Juan Bernardo Etchegoin, Euskal Echea-ko idazkari den Enrique Fagoagarekin atzoko ekitaldian (argazkia EuskalKultura.com)]

Hogei kolektibitatek jaso zuten atzo beren domina, tartean, eta euskal komunitatearekin batera, gizatalde alemaniarrak, arabiarrak, armeniarrak, britainiarrak, boliviarrak, txiletarrak, korearrak, kroaziarrak, esloveniarrak, espainiarrak, grekoak, hungariarrak, italiarrak, japoniarrak, judutarrak, libanoarrak, paraguaitarrak, perutarrak eta ukrainarrak.

Euskal Echea-ko Juan Bernardo Etchegoin lehendakariarekin batera, erakundeko beste hainbat agintari eta kideak ere bertaratu ziren Mayo Etorbidean dagoen eraikuntzara. Santiago Bonfanti-k, Enrique Fagoaga-k, Rodolfo Azcueta Roses-ek eta Graciela Aparicio-k lagundu zuten Etchegoin jauna zeremonia hunkigarri honetan.

Euskal Echea Erakundeak domina jaso du 2010 02

[Saritutako gizatalde guztietako ordezkariak, Erakunde Harremanetarako zuzendari Claudio Avruj-ekin (argazkia EuskalKultura.com)]

“Herri honetan euskaldunok egin ditugun gauza guztiengatik eman digute gaur domina hau. XIX. mendetik hona euskaldunek Argentinako aurrerapen askoren protagonista izan gara, euskaldunak izan ziren gure ardien artzainak, euskaldunak izan dira lur argentinarra landatu zutenak; gure aberriaren aberastasun handiena euskaldunen eskutik etorri da”, esan zion atzo, domina jaso ondoren eta pozez beteta Juan Bernardo Etchegoin biarriztarrak EuskalKultura.com-i.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia