Mexiko DF, Mexiko. Estudio Lofft galeriak gaur arratsaldean inauguratuko du "Euskal Dirdira Mexikon" izeneko erakusketa. Zazpi euskal sortzaileen lana bildu da erakusketa honetan, euskal sorkuntzaren egungo uztaren erakusgarri: Fernando Biderbost, Aitor Etxebarria, Naia del Castillo Fernando eta Vicente Roscubas bikiak, Luis Candaudap eta Gorka Larrañaga. Azken biak dira erakusketaren antolatzaileak.
Gorka Larrañaga margolaria Mexikon bizi da eta bertan euskal sortzaileekin zubi lana egiten duen Casa Galeria egitasmoa jarri zuen abian 2011n. Ordura arte Mexikoko Santa Feko Universidad Iberoamericanan Euskara eta Euskal Kultura irakurletzaren buru izan zen, lau urtez.
"Euskal Dirdira Mexikon, Resplandor del País Vasco" erakusketarako aukeratutako zazpi artistek euskal sorkuntzan ibilbide oparoa dute. Erakusketak arte genero desberdinetan egin duten lana ezagutzera emango du: margoalritza, eskultura, argazkilaritza... Gorka Larrañaga eta Luis Candaudap-en esanetan artista hauek Oteiza eta Chillidaren ondarea jaso eta gaur egungo egoera eta konplexutasunera egokitu behar izan dute.
Erakusketaren inaugurazioa gaurko arratsaldeko zazpietan egingo da, Estudio Lofft galerian (Cuauhtémoc 158 B-4, Col. Tizapán, San Ángel).