euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Diasporaren Egunaren baitan, Pablo Ormazabalek 'Casa Querida-Etxe Maitea' liburua aurkeztuko du Olavarrian

2023/09/07

Irailaren 8an Pablo Ormazabal antropologoak “Casa Querida-Etxe Maitea. La diáspora vasca, memorias y arqueología" (Euskal diaspora, memoriak eta arkeologia) liburua aurkeztuko du Olavarrian, Pampa erdiguneko eremu horretako euskal presentzia bilduz
Irailaren 8an Pablo Ormazabal antropologoak “Casa Querida-Etxe Maitea. La diáspora vasca, memorias y arqueología" (Euskal diaspora, memoriak eta arkeologia) liburua aurkeztuko du Olavarrian, Pampa erdiguneko eremu horretako euskal presentzia bilduz

PUBLIZITATEA

Olavarría, Argentina. Pablo Ormazabal olavarriarra antropologoa da, albaitaria izateaz gain, eta goiztiar parte hartu zuen Gure Etxe Maitea Euskal Etxean. Bilbotar baten biloba, aita, Carlos Ormazabal, elkartea sortu zutenetako bat izan zen. Amaren aldetik, Nafarroan du jatorria. Hori guztiagatik, euskal kultura ez zaio sekula arrotza izan. Gaur egun, Euskal Etxeko kultura arloko arduraduna da, eta bihar ostirala, Diasporaren Eguna, arratsaldeko zazpietan, "Casa Querida-Etxe Maitea. La diáspora vasca, memorias y arqueología" (Euskal diaspora, memoriak eta arkeologia) liburua aurkeztuko du bertan. Larunbatean, irailaren 9an, Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxean egingo du.

"Erregistroa, oro har, Olavarriako jatorri eurokriolloko lehen biztanleekin harreman handia zeukaten toki arkeologikoekin egin nuen, hemengo jatorrizko herrien arkeologiako informazio eta erregistro material guztiei gainjartzen zitzaizkien lekuekin", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Ormazabalek. Arkeologia lanak amaitu ondoren, 5 urtean idatzi zuen liburua, eta 1850etik 1910era bitarteko aldia jorratzen du, immigrazio ugarikoa, ia beti italiar, espainiar edo frantses gisa identifikatua. “Artxiboetan espainiar eta frantses esaten zitzaienen ehuneko handi bat Euskal Herriko probintzia desberdinetakoak ziren. Beraz, hor hasten da idatzietan erregistratutako euskal presentziaren historia, eta haietan ere gurutzatzen hasten naiz esaten zenari buruzko informazioa, familiek diotena eta euskal presentzia horren ondorengoek diotena, 1870etik aurrerako historia horri buruzkoa, eskualde horretan ezarriko den 'familia' zabal honen kasuaz. Eta bada beste datu bat ere: gizonen ahotsa berreskuratu izan da beti, eta nik nituen erregistroetan amona asko agertzen ziren gertatutakoa, emozioak, sentimenduak eta jatorriz Euskal Herrikoak ziren oroitzapenak kontatzen", gaineratzen du.

Grafikoak, argazkiak eta etorkinen datu biografikoak

Lanak 160 orrialde ditu, eta liburuan lantzen dituen familia horiek kokatu ziren lekuen grafikoak eta argazkiak biltzen ditu, baita antzinako eraikinenak ere, hala nola, ukuiluak, etxeen zimenduak, landa-jardueraren aztarnak, 1880ko Olavarriako lehen irin-errotakoak eta eskolakoak, 1995ean egindako erreskate lanetan lortutakoak. Horrez gain, egileak kapitulu bat eskaintzen dio gaur egungoari, Gure Etxe Maitea Euskal Etxea 1954an sortzean hasi den garaiari. Bi sortzaileren figurak jasotzen ditu: Juan Luis Urrutia, farmazialaria, gerrako umea eta Euskal Etxeko presidente ohia, eta Marisa Viguri, bere familiak jazarpen frankista jasan ostean 1954an Argentinara heldu eta 1960 geroztik Euskal Etxean euskal dantza irakasle aritu zena.

Liburuak $6.000an dago salgai eta erosi nahi duena zuzenean egilearekin jar daiteke harremanetan pablo.ormazabal@yahoo.com.ar helbidera idatziz edo, whatsapp bidez, +542284520249 zenbakian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia