Vitoria-Gasteiz. Hilabete bakarra baizik ez da falta irailaren 8rako, 2023ko Euskal Diasporaren Egunerako. Gogoratu egun horretan ospatzen dutela mundu osoko hainbat euskal etxe. elkarte, eta euskal komunitate eta euskaldunek —euskaldunen lagunak ere tartean— euren festa, euskal diasporaren aldarria egiteko eta munduan barreiatutako eta Euskal Herriari eta euskal kulturari lotutako elkarte, lagun eta erkidegoen jai-eguna. Festa eta aldarria, bat egiteko eta 'hemen gaude' esateko aukera berezia.
Munduan barreiatuta, baina bertatik Euskal Herria partekatuz eta ekarpena ekarpena eginez euskal unibertsoari. Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko ez da, berez, euskal etxe edo elkarterik behar, bat egiteko gogoa eta ekitaldi batera deitzea edo programa bat antolatzea baizik, programa xinplea bada ere, izan lagun edo bazkideekin biltzea, artikuluak argitaratzea prentsan, sare sozialetan isla ematea, komunitateko inor omentzea --seguru badituzula inguruan errekonozimendua merezi duten lagunak-- edo Euskal Herriari buruzko edo euskal gairen bati buruzko aurkezpenen bat antolatzea. Aukera egokia da Euskal Herria, euskara eta euskal kultura eta munduko euskaldunak, Diaspora, ezagutarazi eta aldarrikatzeko.
Euskal Herrian, ekitaldi instituzional nagusi bat egingo da Gernikan, Urkullu lehendakaria, erakundeetako ordezkariak, eta Diasporako hainbat lagun partaide.
Munduan barrena, aurten ere, irailaren 8an ospatuko den Euskal Diasporaren Eguna dela eta, Kanpoko Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak munduko Euskal Etxeei eta munduko euskaldunei, antolatzen dituzten ekitaldi eta hitzorduen berri euskaletxeak@euskadi.eus helbide elektronikora bidaltzea eskatzen die, egun horretarako norberaren ospakizun planak, beste hainbat euskal etxe, elkarte eta lagunek antolatutakoekin batera bildu eta Euskal Diasporaren Eguneko munduko agendan sartu eta zabaltzeko.