euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Diasporaren Eguna 2024: ekitaldi ugarirekin eta ekintza anitzekin ospatu da festa Argentina osoan barrena

2024/09/16

Goian, ezkerrean., Tandilen dantzari; eskuinean, Gerora elkartearen ospakizun bikoitza. Behean, ezkerrean, Lapridan, ekitaldi ugariko egitaraua eta eskuinean, dantzarien bazkaria Villa Marian
Goian, ezkerrean., Tandilen dantzari; eskuinean, Gerora elkartearen ospakizun bikoitza. Behean, ezkerrean, Lapridan, ekitaldi ugariko egitaraua eta eskuinean, dantzarien bazkaria Villa Marian

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires probintziako iparraldeko diaspora Pergaminon bildu zuen ekitaldi jendetsuaz gain, Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko era guztietako ekitaldiak burutu ziren herrialde osoan. Jarraian, euskal etxeek antolatutako eta datak urterik urtera hartzen duen garrantziaren lekuko diren topaketa gutxi batzuk bildu ditugu.

Herrialdearen iparraldera joanda, Villa Marían (Cordoba), ospatu zuten euskal dantza tailerra eskainiz, jauziaren oinarrizko pausoak ikastera bideratuta. Bazkaria ere partekatu zuten, garai guztietako dantzariak partaide. Cordobako hiriburuan, irailaren 8a egun berezia izan zen Gerorako kideentzat. Musika askok lagun, ospakizuna bikoitza izan zen, taldearen 14  urteengatik ere topa egin baitzuten.

Buenos Aires hirian, Iparraldeko Euskal Etxeko lagunek afari bat antolatu zuten, Lagun Onak Abesbatzak euskal errepertorioko kantu tradizionalak interpretatu zituen Laurak Bat Euskal Etxean eskainitako kontzertu batean, eta Euskaltzaleak elkarteak "El Vasco" luzemetraia proiektatu ondoren, eztabaida eta afaria partekatu zuten.


Iparraldeko Euskal Etxean afaria partekatu eta topa egitera elkartu ziren diasporakideak 

 
Macachingo haurrak ere ospatu zuten Euskal Diasporaren Eguna

Buenos Aires probintziaren hegoaldera begira, Lapridan, hainbat herritan bezala, 1949tik irailaren 4an Argentinan ospatzen den Immigranteen Eguneko ekitaldiek Euskal Diasporaren Egunarekin bat egin zuten ospakizun bateratuan. Los Robles auzoko Immigranteen Plazan egindako protokolo ekitaldian eta bertako artistekin batera, jarduera kolektibo batean parte hartu zuten. Halaber, J. Newberyren trinketan, dataren omenez pilota partida jokatu zen. Lagunen Etxeko egoitzan jada, neska-mutikoek euskal mitologiaz gozatu zuten, eta helduek Mikel Ezkerrori egindako elkarrizketaz. Tandil ondoko herriko euskal etxeak dantza askoz ospatu zuten Tanque Plazan, eta indarrak biziberritzeko, bazkari goxoa eskeini zuten Gure Etxearen egoitzan.

Hegoalderago, Macachinen, Euzko Alkartasunako kideak bildu ziren sustraiak ohoratzeko, komunitatea baloratzeko eta batzen gaituen historia ospatzeko. Dantza-arratsalde bat partekatu zuten eta gazteenek Immigrantearen Pasealekuan euren arbasoei buruzko informazioa bilatu zuten, euren zuhaitz genealogikoa osatzea lortuz eta abiatu ziren tokiari buruz gehiago ezagutuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia