Donostia-San Sebastián. Ezer gutxik adierazten dute hobeto euskal diasporaren izaera, konpromisoa eta segida eta bizi-nahia ‘Izan zirelako gara; garelako izango dira’ leloak baino. Historian zehar hamaika esploratzaileak, nabigatzaile, erbesteratu atera ziren Euskal Herritik etorkizun hobe bila… Bakoitza bere arrazoin eta zioekin, munduratutako euskaldunak beren hizkuntza, ohiturak eta kultur moldeekin atera ziren, herri txiki baten parte izatearen harrotasun apala tartean. Eta iragan horri geroa ematea gogoan, testuinguruak ahalbidetu ezkero bederen, ez baita beti aise.
Aipatu esaldiari, beste bat gehitu zaio gaur egun, Euskal Diasporaren Egunak iaz ospatzen hasi zenetik bere egin duena, "Ez gara Euskal Herrian bizi, baina Euskal Herria gugan bizi da", Diasporak barnean daraman izaera eta errealitatearen erakusgarri.
Katea ez baita eten eta euskaldun askok hainbat herrialdetako lurretan landatutako haziek loreak ekarri baitituzte, euskal hazia bertako lurrean finkatuta eta bertan bertakoarekin emendatu eta elikatuta.
Munduko geografiako leku askotan Diasporako euskaldunek lagun daukate euren eguneroko bizitzan familiaren bidez, Euskal Etxean edo norberaren erabakiz landutako euskaltasuna. Baina atzokoa bezalako egunetan, Euskal Diaspora azalarazi, ospatu eta aldarrikatzeko propio antolatutako egunean festaz janzten da hurkoei, lagunei, Europako Euskal Herriko euskaldunei "hemen gaude" esateko, eta "gu ere Euskal Herria gara eta gure ekarpenek ere Euskal Herria egiten dute" aldarrikatzeko apal baina ozen. Hamaika ekitaldi gauzatu ziren beraz, atzo, Irailaren 8an, hainbat herrialdetako euskal etxeetan.
Gaurkoan 2019ko Euskal Diasporaren Egunari lotutako lehenengo atala ekarri dizugu. Datozen egunotan jarraituko dugu ekitaldien argazki bildumak ematen. Guztien berri eta irudi ematea ez da batere erraza, baina saiatuko gara panoramika orokorra ematen. Beti bezala, zeure euskal etxeko argazkiak ikusten ez badituzu, plazer baduzu info@euskalkultura.com-era bidal ditzakezu.
Gaurkoan, pare bat bideo eta lehenengo argazki-bilduma:
[Buenos Airesko Laurak Bateko 2019ko bideoa, Eguna ukraniar komunitateko dantzari eta lagunbekin ospatuz]
[Viña del Mar-Valparaisoko Euskal Etxean, dantza txiletarrak Euskal Diasporaren Eguna ospatuz]