Ispaster, Bizkaia. Euskadik, merezitako omenaldia eskaini zien joan den igandean, irailaren 8an, munduan barreiatutako bere seme-alaba eta hauen ondorengoei, normalean Diaspora edo Zortzigarren Probintzia gisa identifikatzen ditugun euskaldunei. Bizkaiko Ispaster herria izan zen elkarretaratze ofizialerako hautatuko egoitza eta, Urukullu lehendakaria buru, gure Diasporaren historia errepasatu eta esker oneko ekitaldia egin zen lekua. Izan ere, Ispaster bezalako herri asko baitaude Euskal Herrian emigrazioari zeharo lotuak, bertan emandako datuen arabera egun 700 biztanle dituen Ispasterretik milatik gora herritar atera baitira mundura azkeneko ehun urteetan. Bere hitzaldian, Urkullu lehendakariak bere errekonozimendua eman zien Euskaditik munduko hainbat lekutara atera ziren euskal herritarrei eta, egungo europar egoera eta migranteekiko tratua gogoan, deia egin zuen "Europak bere ardurak har ditzan eta errotik alda dezan bere politika", "konpromiso partekatua eraikiz, ahuldade nabarian, bere ate joka dauden errefuxiatu eta migranteen aurrean".
Ekitaldia eguerdiko 12etan hasi zen Ispasterko plazan eta Jaurlaritzarekin batera bertako Udala eta Herria ahalegineko kide izan ziren. Alkate Garbiñe Saenza de Buruagak ongi etorria eman zien bertaratutako herritar zein erakundeen ordezkariei. Eusko Jaurlaritzatik, Lehendakariaz eta bere emazteaz gain, zenbait sailburu ere bildu ziren, baita Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu ere, eta foru erakundeetako ordezkariak. Baita ere, besteak beste, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza, eta bertako Kinku Zinkunegi.
Publikoan, herritarrak eta Diasporako kideak
Publikoaren artean, ispastertar asko --ia denak ahaideekin Diasporan-- eta Diasporako kideak egun hauetan Euskal Herrian direnak. Begirada azkar batean, Argentina, Venezuela, Estatu Batuak, Mexiko eta Australiako lagunak ikusi genituen. Programak 11 minutuko bideo eder bat baitaratu zuen Euskal Diasporaren historia eta egitatearii errepasoa emanez, Ispasterren bereziki sakonduz; eta ondoren antzerki obra ikusgarri bat gauzatu zuten, kantuaren eta anterkiaren talde profesional bati hainbat herritarren partaidetza gehituz eta obra adierazgarri eta partehartzaile polit bat emanez.
Ideia onak, bertara isuri zirenak, eta egitarau polita, egokia halako egun baterako. Zorionak antolatzaileei, esan nahi baita Jaurlaritzari eta Ispasterko Herriari, eta baita handik eta hemendik bertaratu ziren guztiei ere, eta Euskal Diasporaren Eguna, irailaren 8a, Ispasterren edo beste nonahi harro ospatu zutenei
Segidan, Irekiaren bideoa egunari buruz eta Euskal Diasporaren Eguneko Ispasterko argazki-galeria: