Caracas, Venezuela. Kanpaina bat plazaratu du Jazoera ekimen venezuelarrak Diasporako euskal familietan edo munduko euskal etxe eta elkarteetan egon daitezkeen material esanguratsuak biltzeko. Izan ere, Bilbon, Euskal Artxibo Historikoaren baitan sortzen ari den Euskal Diasporaren Artxiboak, euskal emigrazioaren eta gure diasporaren lekukotasun-emaile eta adierazgarri izan daitezkeen objektuak jaso nahi ditu Euskal Herriaren zati garrantzitsua den "zortzigarren probintziaren" historia osatzen laguntzeko.
Euskal emigranteei eta euren ondorengoei lotutako, euskal etxeei eta Diasporari lotutako hamaika gauzek topa dezakete leku egokia bertan, esaterako gutunek, argazki, koaderno, liburu, dokumentazio eta paperek, baina baita ere arropa adierazgarriek, kartelek, grabaketek... ia edozein gauza izan dautele baliosa baldin eta euskal ixtorio bat kontatzen badute, euskal norbanako edo familien jardueren isla ematen badute edo euskal elkarte eta komunitateen berri geureganatzen badute.
Jazoeratik zuzendu zaizkigu Euskal Diasporaren Artxiborako objektuak biltzearren hasi berri duten kanpaina gogoratuz. Bat egin nahi?
Dohoaintzak munduko edozein herri edo puntutik egin daitezke. Lagundu gordetzen zure familiaren historia, gure diasporarena. Merezi du(te)!
Venezuelatik, Jazoerako Pedro Javier Arriaga Aguirre caracastarrak eskaini du bere burua objektuak bildu eta ondoren Bilbora helarazteko. Venezuelan hala egin nahi dutenek berarekin kontakta dezakete jazoeraccs@gmail.com helbidean edo +58 424 1797908 zenbakian.
Aldi berean, Venezuela bererik edo munduko beste edozein lekutik galderaren bat argitu edo dohaintzaren bat egin nahi duen edonork euskaletxeak@euskadi.eus helbidera jo dezake edo +34 945 018 127 zenbakira.
Ohoratu eta gorde Euskal Diasporaren Artxiboan zeure familiarentzat garrantzitsuak izan diren objektuak! Deitu/idatzi eta lortu xehetasunak!